Kukutza III gogoan

prestaldizkaria 2015ko mar. 9a, 09:20

Argazkiak: Joseba Barrenetxea / Ecuador etxea / Ninbe Moreno

Errekaldeko gaztetxea 2011ko irailaren 21ean hustu zuten. Ertzaintza eta auzotar zein hiritarren arteko liskarrak hiru egunez luzatu ziren auzoko kaleetan, irailaren 23an eraikina eraitsi zuten arte. Cabisa enpresak gaztetxea husteko eskatu zuen, eraikina eraitsi eta etxebizitzak egitearren eta Bilboko Udalak hustu eta eraisteko baimena eman zuen. Harrezkero espazioa hutsik dago.

Joan den urtarrilaren amaieran, 23 pertsona epaitu zituzten Kukutza III gaztetxea hustu eta eraitsi zutenean izandako liskarrengatik. Ustezko usurpazio delitua eskatzen zien fiskaltzak. Eurek Kukutza defendatu zutela zioten, “elkartasuna ez dela delitua”.

Kanporaketa unean Kukutza III gaztetxe barruan zeuden 23 lagunetako bat zen Hibai Castro deustuarra. Berarentzat “Deustuko eta Bilboko beste askorentzat bezala”, Kukutza III gaztetxea “erreferentziala” izan da urte askoan. Bertan “jarduera pilo batean ibili izan gara, batek daki zenbat alditan”. Kontzertuak, hitzaldiak, bazkariak, jaiak, ikastaroak, bilerak, ikuskizunak, auzolanak... denetik egin du Hibai Castrok Kukutzan. “Jaso eta eman gainera, autokudeaketa eredu betean”. Horregatik argiro dio “jarduera beste arrazoi zegoen erresistentzia txandetan parte hartzeko”.

Irailaren 21ean “gu geunden”, baina irailaren 20an “beste batzuk egon ziren” eta irailaren 22an, “polizia etorri izan ez balitz, beste batzuk egongo ziren, osteko manifetan ikusi zen bezala”. Uda osoan egon zen gaztetxea jendez beteta, 24 orduz. Hibaik ondo gogoratzen du “oso egun intentsoak” izan zirela, mobilizazio eta programazio kultural aldetik, “eztanda bat zen hura”. Antolatzen zebiltzanentzat “zoramena izan behar zen”, dio.

Desalojoaren egunean Kukutzatik bertatik ikusitakoa “ikaragarria zen”. Hibairen hitzetan, Errekalde auzoa “poliziak hartua zegoen, ehunka eskopetero amorratu zeuden han. Eta jarrera erabat basatia izan zen, hori mundu guztiak ikusi zuen. Ehundik gora zauritu egon ziren lehen egunean. Handik gutxira Iñigo Cabacas hilko zuten horiek ziren. Gaur egun ere aurpegia estalita izanda inpunitate osoz aritzen diren berberak”.

Kukutzako kideei zein errekaldetarrei emaniko babesa “erraldoia izan zen” lehen unetik. Kukutza ixteko arriskua zegoela zabaldu zenetik “elkartasun olatu bat egon zen pixkanaka gero eta handiagoa izan zena eta azken hiru egunetan Bilbok ahaztu ezin duen jende oldea batu zuena”. 2011ko irailaren 20, 21 eta 22an gertatuak ohiartzuna izan zuen Euskal Herri osoan eta baita kanpoan ere. Hibairen ustez gertakari horiei “ezin die fiskaltzaren akusazio batek edota epai batek itzala egin, gaitasuna izan beharko genuke horri buelta emateko”.

Epaiketa
Joan den urtarrilaren amaieran, usurpazio delitua egotzi zieten Hibai eta beste 22 lagunen aurkako epaiketa burutu zen Bizkaiko Probintzia Auzitegian. Egun batzutara ezagutu zen epaiak absolbitu zituen, denak bat izan ezik. Lagun bati hiru urteko espetxe zigorra ezarri zioten “Agintearen aurkako erasoa egitegatik”. Ikusitakoa ikusita, Hibairen aburuz, epaiketa “tramite bat” izan da “aurretik erabakita zeukaten gertaeren sekuentzia bati benetakotasuna eman nahi izan diona. Hein handi batean Udalaren eta poliziaren jarrera guztiz onartezin bati justifikazioa ekarri nahi dion sententzia zentzugabekoa”. Gauzak horrela, Hibairi honako galderak bururatu zaizkio: “Usurpazio deliturik ez badago, zergatik hustu eta bota zuten? Eta hustutzea eta botatzea justifikaezina bada, zergatik kartzelaratu nahi dute bidegabekeria horren aurka zegoen pertsona bat?”

Erabaki politikoaren ondorioz eraitsi zuten Kukutza. “Argi dago”. Galdetzen jarraituz gero “arazoaren muinera iritsiko ginateke” Hibairen arabera. “Zergatik hustu eta bota zuten Kukutza halako modu azkar eta basatian? Babes eta pisu handia zeukan Kukutzak, Udalari itzal egiteraino gauza batzuetan. Eta gai zen sistema honetan ustez erroturik dauden hainbat kontzepturen inguruan zalantzak sorrarazteko. Gaztetxeen lana ezinbestekoa da zentzu horretan”.
    
Kulturgile eta kazetari ikuspuntutik
Kanporaketa unean Kukutza III gaztetxe barruan zeuden 23 lagunen epaiketaren jarraipena egin du Ane Zabala kazetari deustuarrak. Era batean edo bestean, epaileak “gertatutako basakeria justifikatu behar izan du” bere ustez. Fiskaltzak esandako kontu batzuk “benetan harrigarriak” iruditu zaizkio Aneri. Errekalde auzoaz “trufatu” dela deritzo. “Kontu asko geratu dira argi epaiketan, ez zela usurpaziorik egon, esaterako. Baina epaitzen zena ez zen bidezkoa ezta epaia ere. Ertzain baten testigantzak balio izan du akusatutako bati hiru urteko zigorra jartzeko. Horrek izua ematen du, zein nolako zuzenbide estatuan bizi garen argi uzten du. Antza, ez dago frogarik hori horrela izan zela adierazteko, baina albistea jarraitu genuen kazetarik froga asko ditugu Ertzaintzak Errekalden erabili zuen bortizkeriaz. Kontuak kontu oraindik epaiketa gehiago izango dira kanpoaldean egon ziren istiluak direla eta; epai hau, agian, aurrekaria izan daiteke”.

Ane Zabala kazetaria izateaz gain aktorea ere bada. Berarentzat Kukutza “elkargunea” izan da, “bai gure lanak erakusteko bai beste sortzaile askoren lanak ikusteko”. 2011ko ekainaren 26an igo zen Ane azkenengoz Kukutza gaztetxeko oholtzara. Errekaldeko jaiak ziren, “igande eguzkitsua”. Plazako txosnetatik bueltatxoa eman ostean, “betaurrekoz beteriko kutxekin prestatu genuen gure emanaldia”, diosku. “Ez zen plaza horretan gure lana erakusten genuen lehen aldia eta, mehatxupean egon arren, ez zitzaigun burutik ere pasa azkena izango zenik. 30 ikusle izan genituen bidelagun lau dimentsioko komedia sinposio absurdoa jarraitzen. Gogoan ditut lehenengo besaulkietan eseritako haurrek nola jantzi zituzten mundua ezberdin begiratzeko betaurrekoak. Hori zen Kukutza, gure sormen lanak pertsona askorekin konpartitzeko lekua”.

Kukutzaren hustuketaren aurreko egunak “oso bizi” gogoratzen ditu Anek. Hainbat prentsaurreko antolatu ziren Kukutzari babesa emateko, sortzaileak, auzotarrak... “Oihartzun handikoak izan ziren. Mehatxua hor zegoen baina inondik inora ez nuen uste gertatutako gertatuko zenik”. Irailaren 21ean goizeko lauetan telefonoz deitu zioten Aneri. Kamera hartu eta bostak aldera Errekaldera iritsi zen. “Ordurako Ertzaintza auzo osoan zehar zebilen kargak egiten. Eraikinera hurbildu eta kazetariak heldu ahala kordoi batean sartu gintuzten, gu ere kontrolpean izateko. Albistea bolo-bolo zabaldu zen sare sozialen bitartez eta goiz erdirako ehunka lagun zegoen Errekalden. Plazan prentsaurreko inprobisatua eman zuten, bitartean Ertzaintza eraikinean sartzen saiatzen zen. Denbora geldi geratu balitz, ematen zuen ez zirela kapazak izango husteko. Hala ere etengabe gertatzen zegoen zerbait. Ertzaintzaren bortizkeria basatia izan zen. Kazetariei ere bultzaka ibili ziren.

Ametzola plazan geundela ertzain batek haurdun zegoen neska bati ostikada ederra ematen zion unea grabatu genuen eta ezin sinetsi geunden. Hori adibide txiki bat da, ehunka zauritu egon ziren eta. Etengabeko kargak, ehunka lagunek Kukutzara hurbildu nahi zuten elkartasuna adierazteko, eta hori ere ekidin nahi zuten”.

Kukutzaren erresistentzia, kanporaketa eta hustuketaren jarraipen informatiboa egitea gogorra izan zen Anerentzat, Hamaika Telebistako beharginentzat eta gainerako kazetari eta berri emaileentzat. “Askorentzat bezala guretzako ere egun gogorrak izan ziren, bidegabekeria baten berri ematea ez da kontu gozoa. Errekalden erabili zuten indarkeria beldurgarria izan zen, ez ziguten lana egiten utzi. Nahiz eta auzotarren elkartasunari esker ezkutatu nahi zituzten kontu asko grabatu ahal izan genituen”.

Sare sozialak izan ziren han gertatutakoaren berri emateko bide oso garrantzitsua, eta horiei esker jende asko hurbildu zen Errekaldera “elkartasuna adieraztera eta haserre, noski”. Hiru egun eman zituzten Kukutzako lagunek, Errekaldeko auzotarrek eta kazetariek eraisteko makinak noiz helduko zain eta, bai, azkenean iritsi ziren. Kontrol eremua finkatzen zuen kordoiaren atzetik “ikusi genuen makinak nola birrintzen zuen eraikina. Gu kameraren objektibotik grabatzen geunden, ezin genuen zuzen begiratu, ez genuen sinesten. Atzera begiratu eta auzotarren aurpegiek dena esaten zuten. Harriak gure gainean erortzen egongo balira bezala, ezin mugitu geratu ginen”.

Galdutakoa eta irabazitakoa
Hiru urte pasa dira Kukutzaren aldeko defentsatik eta eraisketatik. Borroka horretan, batik bat, “Errekaldeko auzoak galdu zuen, espazio libre bat, egun ez dagoena”. Aneren iritziz, “beste egiteko era batzuk badaudelako, antolakuntzan, autogestioan. Badira jabetzarik ez duten espazio eta egiteko era batzuk, eta hori galdu zen. Irabazi ezer gutxi”.

Hibai iritzi berekoa da. Galdu “asko” galdu zen, “bistan da”. “Beso bat moztea bezalako zerbait da. Pentsa dezagun beso hori itsas azpiko bost puntadun izar batena dela, eta denborarekin besoa berriz ere haziko zaiola”.

Baina irabazi ere, zerbait irabazi dela uste du Hibaik. “Funtzionatzeko eta izateko bi moduren arteko talka bat ikusi zen nabarmen eta denoi irakaspenak ekarri zizkigula uste dut. Eta hortik sortuko da indarra izarrari besoa berriz ateratzeko”.


kukutzarekin.wordpress.com