Abentura feminista berri eta aintzindaria

uriola.eus 2015ko uzt. 9a, 07:30

Argazkia: klitto.com

Idazki honen xedea Bilboko egitasmo okupa, autokudeatu eta feministaren berri ematea da. Okupazio berria Bilboko Errekalde auzoan dago Entrecanales doktorearen kalea 4. zenbakia.

Gu, emakume, bollera, trans eta feministak, eztabaidatan denbora eman eta gero, gure nahi eta beharrei erantzuna emateko orain arte erabilpenik gabe egon den espazio bat okupatu dugu.

Beste gauza batzuen artean, okupazioaren bidez, hainbat gauzen artean Bilbon zein Bizkaian emandako desindutralizazio prozesuaren ondorio diren eraikin huts guztiak salatu nahi ditugu. Horrela, egoera horren erantzule diren enpresari boteretsuak eta beraien agindupetan dagoen Udaletxea markatuz.

Kapitalaren esklabu izanik, beraien politikak Bilbo turismoaren eta zerbitzuen hiria bihurtu dute, auzokideak mespretxatu eta kontuan hartu gabe.

Kapitalismoak biziraun dezan Patriarkatuarekin batera existitu behar duela azpimarratzea berebiziko iruditzen zaigu.

Silvia Federicci berak dionez; “Emakumearen gorputza da kapitalismoaren azken muga”.

Hori guztia dela eta, inongo opresiotan oinarrituko ez den espazio bat sortzea oso garrantzitsua iruditzen zaigu, bertan pentsamendu kolektiboa ardatz, borroka eta bizipen espazio anti-patriarkala garatzeko. Gure nahi eta beharretan arreta jarrita, espazioa guretzako izatea erabaki dugu, hau da, EZ MISTOA. Autogestio eta autonomiatik abiatuta borroka feminista garatzeko leku bat falta zaigulako. Eta espazio horretatik gure ahots eta ekintzak kalera eramango ditugu, bertan baitago borroka.

Subjektu politikoak garenez, zaintza eta elkar babesetik abiatuta gure ahalduntzea landuko dugu eta sare feministak ehunduko ditugu.

Abentura feminista berri eta aintzindari honetan parte hartzeko deia luzatzen dizuegu. Horretarako datorren uztailaren 11an auzolana deitu dugu goizeko 10etan hasita. Gerturatzen den jendeak beharrezko izan daitekeen materiala ekartzea eskertuko genuke. Emakume elektrizista, iturgin eta bestelako gremioetakoak gerturatzea ere oso garrantzitsua zaigu.

Gure ibilbide motz bezain intentsoan, jazarpen poliziala etengabea izaten ari da. Baina esan beharra dugu ez gaituztela kikiltzen eta opresioez askea den gure etxea eraikitzen jarraituko dugula Inoiz erre ezin izan zenituzten sorginen bilobak garelako...

Feminismoa ala hil!!!

 

Errekalden, 2015eko uztailaren 8an

 

[2015-07-08] Klitto: “Feminismoa sortu eta hedatu nahi dugu”

[2015-07-08] Errekalden lokal bat okupatu eta borroka feministarako emakumeen espazioa sortu dute

#OkupazioFeminista #Errekalde #Bilbo #Emakumetxea #Autogestioa #FeminismotikEraikiz #EzMistoa #KapitalismoaAkatu