Moncada esparruaren hiri diseinurako proposamenak Errekaldeko Udaltegian ikusgai

uriola.eus 2015ko abe. 2a, 10:00

Gaur hasi eta abenduaren 15era bitartean, Errekaldeko Udaltegian (Altube zeharkalea, 6) Errekalde-Moncada esparruaren hiri-diseinu berrirako proposamenik onenen erakusketa dago zabalik. Sarrera dohainik.

Euskal Herriko Unibertsitateko Arkitektura Goi Eskola Teknikoan Arkitekturaren Oinarrietako Graduko 4. Mailan, 2014-2015 ikasturtean, 'Proiektuak VIII' bigarren lauhileko gaia egin duten euskarazko adarreko ikasleenak dira ikusgai jarritako 17 lan horiek.

Errekalde-Moncada, garatu beharreko hiri-esparrua

Errekalde, Irala eta Ametzola elkartzen diren aldean dago Errekalde-Moncada esparrua. Gaur egun industria-pabilioiak eta etxebizitza-eraikinak tartekatzen dira bertan.

Indarrean dagoen Hiri Antolaketarako Plan Orokorrak jasotzen duenez, alde horretan pabilioien ordez babestutako etxebizitzak eraiki daitezke. Hirian egoera txarrean dauden aldeak egoera onean uzteko egin beharreko eraldaketak eta denbora kontuan hartuta, HAPO berrikusteko aukera ere badago, garapena gauzatu barik egonda, hausnarketa berri bati ekin dakiokeelako.

Horrela bada, aukeratutako 17 proposamenek gogoeta berria eskaintzen digute esparru horretako erabilerei buruz, FEVEren trenbidea lur azpian laster sartuko dela eta Bilboko industri ondareari erabilera berria emateko dagoen sentsibilizazioa orain arte baino handiagoa dela kontutan hartuta. Soluzio berriak planteatzen dira, esate baterako, pabilioiak zenbait jarduera artistiko edo espezializaturen edukiontzi bihurtzea.

Bilboko Udalak lankidetza-hitzarmena sinatu zuen urrian Euskal Herriko Unibertsitatearekin, Errekalde-Moncada esparruaren hiri-diseinu berriari buruz Arkitektura Goi Eskola Teknikoko ikasleek egindako lanekin erakusketa antolatzeko eta horiek jasotzen dituen liburua argitaratzeko. Udalak 4.000 euro jarriko ditu helburu bi horietarako.