Apirilean eginiko asanbladan erabaki zuten, besteak bestek, Errekaldeko auzotarrek manifestazioa antolatzea auzoaren gainetik pasatzen den autopista zatia lehenbailehen eraits dezatela eskatzeko.
Izan ere, Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak 2006an hitzartutako hiriko sarbide berrien mapak autopistaren eraispena aurreikusten zuen Errekalden 2008-16 epealdirako. Baina, orduko agintariek emandako hitza ez dute beteko egungo agintariek "ez baita Aldundiaren lehentasuna" autopistaren eraispena Errekalden. Ermuan du jarrita lehentasuna Aldundiak, Itziar Garamendi Garraio diputatu ohiak bilera batean Autopista Kanpora plataformako kideei aitortu zienez. Egun Ekonomia Sustatzeko Bizkaiko diputatu den Imanol Pradalesek berretsi die plataformakideei proiektua aurreikusita dagoen arren, ez dagoela esaterik noiz egingo den. Plataformako kideen esanetan, "ez dute arriskatu nahi".
"2016an ez bada ez dezatela behintzat 2046an eraitsi", diote errekaldetarrek. Luzapen hori ahalik eta gehien ekiditeko "auzotarron lana erakundeak presionatzea da". Proiektua noiz, nola eta zenbateko aurrekontuarekin egingo duten zehaztea dute erronka.
Kostata, baina argitu dute auzotarrek zein erakunderi dagozkion autopistaren ardurak. Foru Aldundiaren eskumena bada eraispena eta alternatiba ematea autopistaren ibilbide zaharrari, Udalari dagokio "geratuko den zuloa antolatzea". Horregatik jo dute plataformako kideek Udalean ordezkaritza duten alderdi guztiekin hitz egitera. "Denak autopistaren kontra daude. Denek uste dute kendu beharra dagoela; noiz eta zelan, hor dago koska. Esaterako, Bilboko hurrengo HAPN-PGOUn aurreikusita dago autopista kanpora doala".
Inauguratu zenetik, 1965etik izan da "polemikoa" Errekaldetik pasatzen den autopista. Orduan ere herritarren "protestak" izan ziren. Autopistako lanek auzoko zenbait eraikinetan eragindako arrakalengatik "auzotarrak kaleratuak izan ziren eta eliza bera eraitsi zuten. Inposaketa bat izan zen autopista".
41 urteren ostean, gaur egun, oraindik orain, hainbat dira 'autopista kanpora' aldarrikatzeko arrazoiak: "Arriskua -eta ez argazki zaharretan bakarrik ikusi dugulako-, zikinkeria -balkoiak garbitzean agertzen den ore beltza-, zarata -isiltasunik ez dago Errekalden- eta auzoa zatitzen duelako -zonalde ilunak eta desatseginak sortuz-.
Autopistarekin "ohitu" diren auzotarraei "ez dela amets lortezina" esan nahi diete. 2013an sortu zen Autopista Kanpora plataformako kideen hitzetan, "hain gaude ohituta gezurra dirudiela ken diezaguketenik".
Hiru urte hauetan plataformak denetik egin du: txapak, logoak, "ezagun egin diren" kartel horiak, banderak, abesti bat, txokolatada, sinadura bilketa (3.000 bat lortu ditu)... San Silbestre lasterketaraino eman dituzten aldarrikapenak.