Bost urte Kukutza gabe

uriola.eus 2016ko ira. 21a, 10:40
Kukutza zegoen orubeko hesian egindako margoketa (argazkia: @STANDA04)

Kukutza hustu zutenetik bost urte pasa dira eta egun, eraikina zegoen orubeak hutsik dirau. Ondorioz, Errekaldeko auzo elkarteak, bertan, babes ofizialeko etxebizitzak egitea eskatu dio Udalari. 

Errekaldeko auzo elkarteak babes ofizialeko etxebizitzak eraikitzea eskatuko dio Udalari Kukutza zegoen orubean, hain zuzen ere, Cabisa enpresa eraikitzaileak bertan egingo zituen 40 etxebizitzak eraikitzeko legezko epea bukatu delako, El Correok aurreko astean argitaratutako informazioaren arabera.

Bost urte hauetan Kukutzaren eraisketa beste askotan izan da albiste; besteak beste, egin diren epaiketa guztiengatik. Azkena 2016ko apirilean izan zen. Orduan Bizkaiko Probintzia Auzitegiak atzera bota zuen 2015eko iraileak Bilboko 3. Zigor Auzitegiak Kukutzari elkartasuna adierazteagatik kondenatutako 19 lagunen aurkako sententzia. Guzti horietatik 18 absolbitu zituen eta bakarrari 4 hilabeteko espetxe zigorra ezarri zion. 2015eko irailean 19 lagun horiei zigor bera eskatu zitzaien: desordena publikoengatik bederatzi hilabeteko espetxe zigorra, eta sortutako kalteengatik Bilboko Udalarentzat 84.000 euroko kalte-ordaina.

Orain arteko epaiketetan, auziperatu guztiak absolbituak izan dira baina kasu bakar batek airean jarraitzen duela ohartarazi dute Kukutzarekin Elkartasun Taldeko lagunek. Gazte honek hiru urteko espetxe zigor eskariari aurre egin behar dio eta diotenez, "bost urte zain egotea bada nahikoa zigor".