Denbora "gehiegi" igaro dute auzitan Kukutza IIIko gertakariengatik. Azken helegiteari erantzuna oraintsu jaso du Kukutzarekiko Elkartasun Taldeak. Hiru urteko espetxe eskaera zeukan kidea erruduntzat hartzen jarraitzen du Bizkaiko Probintzia Auzitegiak, baina zigorra hiru urtetik 18 hilabetera jaitsi diote eta, horrenbestez, ez du espetxetik pasatu beharko. "Ez bera, ez Kukutzaren inguruko auzietan epaitegitik pasatu den beste inor", argitu du taldeak.
Bestalde, fiskaltzak helegitea jarri arren, desalojoaren momentuan Kukutzako teilatuan atxilotutakoen absoluzioa mantentzen da, "espero genuen moduan".
Auzi judizialak bukatu diren honetan, epaitu barik geratu direnak gogoan izan dituzte: "Hizki xehez edo minuskulaz idazten diren alkatea, lehendakaria, barne sailburua, espekulatzaileak eta zipaioak epaitu barik geratu dira. Baina herriak ez du ahaztuko".
Bilbon bizirik dauden beste hainbat egitasmo
"Injustizia handi hau salatzeko bidean", Kukutzarekiko Elkartasun Taldearekin bat egin duten lagunei eskerrak emateko baliatu dute publiko egin dute oharra. "Elkartasun indar hori atmosferan dabil, arnasa ematen digu beste hamaika proiektutarako eta ez digute ebatsiko. Bide beretik segituko dugu".
"Bestelako mundutxoak" eraikitzeko laborategia zen Kukutza askorentzat, eta "lapurtu" egin bazieten ere, "ez zen bakarra", azpimarratzen dute. Horregatik erabaki dute auziperatuek, elkartasun gisa, jasotako laguntza ekonomikoa "Bilbon bizirik dauden beste hainbat egitasmotara" bideratzea. "Haiena ez bestelako mundutxoak eraikitzeko laborategietara".