Antzerkilari amateurren ilusioa

bertonaldizkaria 2017ko api. 5a, 07:30
Argazkiak: Anabasa

Anabasa antzerki talde amateurra da. Euskaldunak dira Anabasako kideak, eta antzerkia euskaraz egitea hautatu dute. Zazpi aktorek eta Iosu Florentino zuzendariak osatzen dute konpainia. Antzerki ikerkuntzan jarduten duen Kabia elkartearen bitartez ezagutu zuten elkar, tailerretan duela lauzpabost urte. Gaur, Errekaldeko udaltegian, antzeztuko dute Immanuel Kanten azken egunak obra. 

Hainbat tailerretan ibili dira egun Anabasa taldea osatzen duten zazpi aktoreak. Bilbao Eszenan eta beste eskola batzutan antzerkian trebatzen. Denak pasa dira Kabiatik, antzerki ikerkuntza tailerretatik. Anabasako kideetako batzuk “pare bat urte” daramate antzerki amateurraren arloan, beteranoek “askoz gehiago”. 

2017ko Bilboko Zirkuituan muturra sartzea lortu du Anabasak. Bertako konpainia amateur eta erdi-profesionalek euren dantza eta antzerki sorkuntzak erakusteko aukera ematen duen programa da Bilboko Zirkuitua. Bere bitartez, otsailean Begoñako udaltegian eta gaur, apirilak 5, Errekaldeko udaltegian Immanuel Kanten azken egunak antzezlana taularatuko du Anabasak. Funtzioa 19:30ean izango da. Sarrera librea eta doakoa izango da, leku guztiak bete arte. 

Antzezlana Alfonso Sastreren testuan oinarritzen da (1985), Fito Rodriguezek euskarara ekarri zuen itzulpenean (2008). Obra luzea izaki, egokitu egin dute. Bertsio laburtua da publikoari eskaintzen zaiona. 

Istorioa Immanuel Kanten etxean gertatzen da, Königsberg hirian (1945era arte Prusia, egun Errusia). Luxurik gabeko egoitza da, handi eta itzaltsua... Bertako zoko ilun anitzetan mamuak bizi omen dira, etxe horretako biztanle izandako jendeen espiritu dohakabeak. 1804ko urtarrilaren azken egunak dira, eta bertaratzen den bisitariak, sentibera samarra baldin bada, izu-ikara txiki batzuk sentituko ditu, batzuetan beldur zehaztugabez bizkarrera so eragiten duten horietakoak, mehatxu lauso baten existentzia sumatuko bagenu bezala, edo, agian, Herio Aingeruaren presentzia ezin aitortuzkoa.

Anabasak Immanuel Kanten irudia bere azken egunetan berreskuratu nahi izan du, eta ikusleak Kant eta bere etxekoak ikusiko ditu taula gainean. Kant izandakoa eta Kanatek esandakoa amildegiaren ertzean zegoenean. Gure gizartea ere amiltzear dagoenean. Hitz gutxitan esateko, obra dramatikoa da. 

Iosu Florentino zuzendariaren esanetan, zortzi aktore arituko dira. Goiuri de la Cal, Iratxe Hernandez, Endika Landa, Mikel Lizarralde, Gilen Majuto, Ana Ochoa eta Eider Pinedo. Taldekide bi dira mahatsorriak, Txurdinagako Mikel Lizarralde eta Santutxuko Goiuri de la Cal, hain zuzen ere. 

Lizarralde da Kant filosofoa gorpuzten duen aktorea. “Taldekide nagusiena naiz, eta pertsonaia nagusienaren papera egitea dagokit”, dio. Erronkatzat hartu du burua galduta duen Kant ahul eta ezindua antzeztea. Ez du zerikusirik bere aurreko paperarekin, “guztiz desberdina” da. Joseba Sarrionandiaren Han izanik hona naiz saiakeran oinarritutako testua antzerkiratu zutenean pertsona gaztearen rola bete zuen. Orain, “alderantzizko” papera du.  

 

 

Hirugarren emanaldia

Iazko ekainean antzeztu zuten lehen aldiz Immanuel Kanten azken egunak eta aurtengo otsailean Begoñako udaltegian bigarrenez. Hortaz, gaur Errekaldeko udaltegian eskainiko dutena hirugarren emanaldia izango dute. “Ilusio handia” dute publikoaren aurrean agertzeko. Izan ere, “aktore batentzat izan litekeen gauzarik handiena da boloak ematea”, Lizarralderen esanetan. “Eta guk zortea dugu boloak emateko aukera izateagatik eta Zirkuituan sartzeagatik. Urte osoa eman dugu lanean, eta gure lanaren emaitza aurkeztea jendaurrean izugarria da. Horretarako ari gara ikasten eta entseatzen”.

 

Euskarazko kulturaren kontsumo txikia

2017ko Bilboko Zirkuituaren baitan dozena bat norbanako edo talderen ikuskizunak daude. Euskarazko bakarra Anabasa taldearena da. “Iaz gauza bera gertatu zen”, gogoan du Lizarraldek. Eta ez da gainerako ikuskizunetan sortzaile eta aktore euskaldunik ez dagoelako. Egon badaudelako, baina gaztelaniaz sortzea eta antzeztea erabaki dute. “Herri honetako kontuak dira”, dio Lizarraldek penatuta. “Euskarazko produktuak kontsumitzea asko kostatzen da gure herri honetan. Errazago kontsumitzen dira erderazkoak”.

 

Hurrengoa

Sarrionandia eta Sastreren testuekin lan egin ostean, hurrengo obran testurik gabe lan egitea erabaki du Anabasak. “Beste bat prestatzen ari gara. Desberdina izango da”, aurreratu du Lizarraldek. Jende berria batu zaie lantaldera, eta kide batzuk taldea utzi dute, “arrazoi pertsonalengatik”. Lanaren emaitza ekainean Otxarkoagan taularatuko dute: “Sormena lantzen ari gara, gu geu ari gara sortzen. Ikusiko dugu zer sortzen den”.