Umorezko Antzerki Erakustaldiaren V. edizioa jasoko du Errekaldek martxoko ostiraletan

uriola.eus 2017ko ots. 8a, 10:00

Datorren ostiralean, Errekaldeko Umorezko Antzerki Erakustaldiaren V. edizioa aurkeztuko dute. Erakustaldia martxoko lau ostiraletan (3, 17, 24 eta 31n) egingo dute Errekaldeko udaltegian. 

Erakustaldiak, familia osoari eskainitako umorezko lau proposamen eszeniko jasotzen ditu, arratsaldeko 19:30ean, eta sarrera librea izango da. Horrez gain, programak ZinebiKlub saio bat ere jasoko du, Zinebiren - Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiaren azken edizioan parte hartu zuten umorezko film laburren aukeraketarekin, martxoaren19an.

Programazioa martxoaren 3an zabalduko da, Andaluziako Las XL konpainiaren Abandonate mucho ikuskizunarekin. 70 minutuz maitasun erromantikoaren mitoa deseraikitzen duen antzerki-musika ikuskizuna da. Bidaia zintzo eta dibertigarrian, Marta Sitjà eta Nia Cortijor bi antzezle protagonistak printzesa, kopla abeslari, yonkie, meditatzaile, seduktore… gisa agertzen dira ikus-entzuleen aurrean. XLek, bide zuzena eta zintzoa ezartzen dute ikus-entzuleekin, eta umoreaz baliatuz, maitasunaren mitoaren tranpak erakusten eta Cupido suntsitzen ahalegintzen dira. Abandonate mucho lanak, kontzientziari eta askatasunari atea irekitzea bilatzen du, benetan bizi nahi ditugun mundua eta bizitza eraikitzeko.

Martxoaren 17rako aurreikusita dagoen bigarren antzerki saioa, Sarean kateatuak euskarazko lana eskainiko duen Nomofobikak euskal taldearen esku egongo da. Oraingo honetan, nomofobia –telefono mugikor barik etxetik irteteari beldurra– duten hiru emakumek talde-terapia egingo dute ikus-entzuleekin. Hasteko, test bat egingo dute, arazo horrekin duten mendekotasuna zein den ezagutzeko. Ondoren, ikus-entzuleak gizartean hain zabalduta dagoen fobia horren zenbait kasuren lekuko izango dira: hainbat lanbidetako beharginak, umeak, nerabeak, pertsona nagusiak… Batzuetan sketch formatuan eta besteetan bakarrizketa formatuan, Amaia Lizarralde, Belen Cruz eta Olatz Beobide antzezleek euren bizipenen berri emango dute, umorean oinarrituta.

Hurrengo hitzorduan, martxoaren 24an, 2theatre helduko da Errekaldeko agertokira, Boris & Ingrid lanarekin. Egoitza Londonen duen konpainia horren sortzaileetako bat, antzerkian, zinean eta telebistan ibilbide luzea egin duen Txema Pérez bilbotarra da. Oraingo honetan, Boris & Ingrid, adinez aurrera doan bikote baten istorioa, kontatzen duen antzerki fisikoko komedia absurdu, dibertigarri eta aldi berean hunkigarria, aurkeztuko dute Bilbon. Showak zenbait eremu erabiltzen ditu, groteskoa, komedia, mimoa, txotxongiloak eta mozorroak barne, ikus-entzuleei zahartzaroaren berezko zailtasunak ulertzen laguntzeko. Umore korapilatsuaren bitartez, heriotzaren kontzeptua gertu dagoenean ere zoriontsu izateko ahaleginaren ideia lantzen dute.

Umorezko Antzerki Erakusketa martxoaren 31n amaituko da, Valentziako Cia Aerea Teatro konpainiarekin. De todas las bellas, las más bellotas, bizitzatik eta heriotzatik arduratzen diena musikaren bitartez adierazten duten hiru emakume dira. Hainbat eta hainbat ate jo ondoren, lehen aldiz euren abestiak aurkeztea lortuko dute eta, ikus-entzuleekin batera, euren estreinaldia Festa Handi batekin ospatuko dute. Proposatzen duten topaketa eszenikoaren motorra musika da, ibilgailua barrea eta erregaia umorea.

Programazioak ZinebiKlub saio bat ere jasoko du, Zinebiren - Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiaren azken edizioan parte hartu zuten umorezko film laburren aukeraketarekin. Emanaldia Errekaldeko Udaltegian izango da, martxoaren 9an. 

Informazio gehiago www.kulturabarrutik.eus webgunean