uriola.eus

Elkarretaratzea deitu dute Errekalden izandako eraso matxista salatzeko

  Jendartea  Errekalde

Aurreko asteazkenean, Ertzaintzak 34 urteko gizon bat atxilotu zuen Errekalden genero indarkeria delitua egotzita. Gaur, astelehena, 19:30ean, Errekaldeko plazan, elkarretaratzea deitu dute Zutitzen elkarteak eta Auzoko Elkarte Mugimenduak erasoa errefusatzeko. 

Atxiloketa asteazkeneko goizeko 07:00ak aldera izan zen. Gizonezkoak bere bikotekidea erasotu zuen, eta ondoren, hiltzeko mehatxua egin zion sukaldeko labana batekin. Egoeraren aurrean emakumea ihes egiten ahalegindu zen, baina erasotzaileak ez zion utzi.

Ertzainek erasoaren berri ematen zuen abisua jaso zuten eta bikotearen etxera heltzean, tratu txarrengatik aurrekariak dituen ustezko erasotzailea atxilotu zuten.

Gaur, hilak 15, Errekaldeko Zutitzen emakumeen elkarteak eta Auzo Elkarteen Mugimenduak deituta, elkarretaratzea egongo da 19:30etan auzoko plazan.

Bigarren protesta bat

Era berean, gaur, 20:00etan, Gafas Moradas elkarteak deituta, elkarretaratzea egongo da Plaza Eliptikoan, Madrilen asteburuan erail duten emakumeagatik.

Hain zuzen ere, asteburuan 27 urteko emakume bat hil du bere bikotekideak Madrilen, Orcasitasen. Kasu honetan ere, erasotzaileak tratu txarrengatik aurrekariak zituen. Bera izan zen poliziari jakinarazi ziona bikotekidea labanaz hil zuela.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa