Autopista Errekaldetik Kanpora plataformak mozioa aurkeztuko du Udal Osoko Bilkuran

uriola.eus 2017ko eka. 26a, 13:22

Udalaren elkartasuna eta inplikazioa eskatuko du auzo dinamikak. Ostiralean elkarretaratzea egingo du udaletxean eta beste hainbat ekimen prestatu du plataformak hurrengo egunetan Errekaldetik pasatzen den zubi-bidea salatzeko.

Autopista Errekaldetik Kanpora auzo-plataformak Udalaren inplikazioa eskatzeko, ostiralean, ekainaren 29an, mozioa aurkeztuko du Bilboko Udalean ospatuko den Osoko Bilkuran. Errekalde zeharkatzen duen A-8aren zatia “desager dadila” eskatuko dute bizilagunek. Bereziki, “Juan Mari Aburto alkatearen laguntza” eskatzen dutela azaldu dute, “beharrezkoak diren izapide tekniko eta administratiboak burutu ahal izateko”. Errekaldeko auzoaren eskaera historikoa betetzeaz gain, 2006an Udalak berak eta Foru Aldundiak 2016an zubi-bidea botatzeko adierazi zuten konpromiso publikoa bete dezaten aldarrikatuko dute. Bide batez, onartutako mozioa udal-erakundeei, hiribilduaren auzo elkarteei, Eusko Legebiltzarrari eta, bereziki, Errekaldeberri zeharkatzen duen zubi-bidearen desagerpenerako ardura zuzena duen Bizkaiko Foru Aldundiari zabaltzea eskatu diote Udalari.

Hainbat ekimen

Autopista Errekaldetik Kanpora plataformak elkarretaratzera dei egin die errekaldetarrei ekainaren 29an, 19:00etan, udaletxeko eskaileretan Autopista mugitzen da. Zure laguntza behar dugu lelopean. Horrekin batera, hainbat ekimen antolatu dute: puxikak askatzeko ekitaldia autopistaren azpian, ataskaturik geratu direnekin auzoan zeru garbirik ez dagoela adierazteko; kartel itsasketa; gatazkaren 50 urteei buruzko txostenaren aurkezpena; hitzaldien antolaketa eta bilerak alderdi politikoekin. Halaber, Arartekoaren aurrean eta Europako Batzordean salaketak aurkeztu dituztela ezagutzera eman dute.