Bihar, larunbata, eguerdiko 12:00etan Errekalde plazan bilduko. Bertatik atera eta Zabalburu plazara arte giza katea egingo dute metroa 4. linearen proiektua aurrera atera behar dutela aldarrikatzeko.
Izan ere, auzoan aspalditik dagoen aldarrikapena da. Uretamendi-Betolaza, Peñascal, Errekalde, Irala, San Adrian, Miribilla, Zabala eta Zabalburu auzoko elkarte desberdinek parte hartzen dute plataforma honen barruan eta metroa euren auzoetara heldu behar duela aldarrikatzen dabiltza aspalditik.
2008. urtetik dabiltza aldarrikapen honekin. Komenigarria da gogoratzea, urte honetan zabaldu den 3. linearen lehenengo proiektuan Errekaldera arte heltzen zela. Baina, azkenean, proiektua aldatu egin zuten eta gaur dagoen bezala egitea erabaki zuten. Auzo horietan jende ugari bizi da, eta auzo guztiak biltzen dituen linearen proiektu berria martxan jartzeko ordua dela adieraziko dute beste behin.
Oraingoan, giza-katea egingo dute beraien eskakizuna aldarrikatzeko. Eguerdiko 12:00etatik aurrera Errekalde eta Zabalburu plazak lotuko dituzte. Ekimena aurrera eramateko, auzokideen laguntza eskatu dute.