Ametzolak eta Iralak hainbat jarduera proposatu dituzte auzoetan elkarbizitza sustatzeko

uriola.eus 2018ko eka. 13a, 10:09

Uda guztien hasieran egiten den moduan, Irala eta Ametzolako zerbitzuek eta taldeek jarduera komunitarioen programa zabala egin dute “Agurra ahoan, osasuna auzoan” izenarekin, ekainaren 29ra arte.

Bilboko Irala eta Ametzola auzoetan egingo da Udako Eskola Irekiaren 4. edizioa, ekainaren 8tik 29ra. Hainbat talde, zerbitzu eta auzoko elkarlanean aritu dira jardueren programa bat antolatzeko. Horren bitartez, komunitatea eskola bihurtzen da auzokoentzat eta bere baliabideak eta ezagutzak elkarbizitzaren zerbitzura jartzen ditu.

Udako Eskola Irekiaren lehen ediziotik, osasun komunitarioa izan da ekimenaren protagonista nagusia. Ildo horretatik, hainbat ekimen egin dira auzokoen osasun-egoera hobetzeko asmoz, esaterako gosari osasungarriak, oztopo arkitektonikoak kokatzea, mendiko ibilbideak, sukaldaritza osasungarriko tailerrak eta abar.

Horren gainera, hainbat ekintza programatu dira osasunean eragiten duten faktoreak kontuan hartuta (ingurumena, elikatzeko ohiturak, higienea, kirola praktikatzea, autoestimu kolektiboa edo harreman sozialak) pertsona guztien osasuna hobetu daitekela erakusteko.

  • Ekainaren 8, 9 eta 10ean: Iralako Merkataritza, Ostalaritza eta Zerbitzuen Elkarteak sustatutako jarduerak Kirikiño plazan.
  • Ekainaren 11n: Dokumentalaren proiekzioa: “Y si te dijeran que puedes” (AVIFES). Gero, mahaingurua Hegoetxea Elkarteen Federazioaren egoitzan (solairuartea).
  • Ekainaren 13an: Irala Chef, Hiesaren aurkako T4 elkarteak sustatuta, Eskurtze parkean.
  • Ekainaren 14an: Euskarazko bertsioen kontzertua Eskurtze parkean.
  • Ekainaren 15ean: Kaleko animazioa Iralako merkataritza-gunean.
  • Ekainaren 18an: “Ibiliz” ibiltarien sarea Iralan eta Ametzolan, eta mapaketa emozioanala.
  • Ekainaren 15etik 22ra: Denda txikien astea Iralan eta Ametzolan.
  • Ekainaren 20an eta 27an: Erorketak prebenitzeko tailerra.
  • Ekainaren 22an: Kaleko animazioa Ametzolako merkataritza-gunean.
  • Ekainaren 29an: Esperientzia komunitarioak elkarbanatzen.
  • Ekainean: Iralaren inguruko muralaren lanketa Irala kalean, gosari osasungarriak ikastetxeetan, kontu-kontari ibiltaria, dekorazio artistikoa auzoko kaleetan, genero eta berdintasunari buruzko film laburren proiekzioa, erakusleihoen eta balkoien lehiaketa...

Denda txikien I. astea

Ikasturte honetako Udako Eskola Irekia urte osoan Iralako eta Ametzolako Kulturarteko Prozesu Komunitarioan egin den lanaren isla da. Ildo horretatik, ekimenean jaso da inguruko auzokoen, merkatarien eta ostalarien artean hasitako dinamika, merkataritza berrindartzeko. “Auzoari bizia ematen” leloarekin, dinamika horrek pertsona bakoitzari arduratsua izatea eskatzen dio, gure auzoak dinamismo, bizitasun eta elkartasunerako espazioak izan daitezen.

Egoera horretan, dozenaka dendek, herritarren bultzadari erantzunez, "Denda txikien I. astea" antolatu dute programazio soziokultural zabal batekin. Hain zuzen ere, ekainaren 15etik 22ra, herritarrei gertuko dendek eskaintzen dituzten aukeren berri emango diete herritarrei.