Errekaldeko Umorezko Antzerki Erakustaldiaren VII. edizioa hasiko da ostiralean

uriola.eus 2019ko mar. 20a, 16:43

Auzoko udaltegiak lau ikuskizun hartuko ditu apirilaren 12ra arte; ostiraletan izango dira guztiak, 19:30ean.

Ostiral honetan hasi eta apirilaren 12ra bitarte, Umorezko Antzerki Erakustaldiaren VII. edizioa antolatuko da Errekaldeko udaltegian. Guztira, lau antzerki izango dira, ostiral bakoitzeko bat, eta 19:30etik aurrera ikusi ahal izango dira. Aste honetan, martxoak 22, Kataluniako Juancallate konpainiaren “Mr. Kebab” egongo da ikusgai, izen bereko mago turkiarra protagonista duelarik. Honek, ikus-entzuleak dadaismoan sartuko ditu, umore absurdua eta surrealismoaren laguntzarekin.

Martxoaren 29an “Amico on the beach” antzeztuko dute Nafarroako Amico Teatro taldekoek, keinuen lengoaian arituko diren bi adiskideren istorioa hizpide duena. Apirilaren 5ean, edizio honetako euskarazko lan bakarra ikusi ahal izango da, “Irri par Txou”. Ion Martínez Esnaolak eta Jose Cruz Gurrutxagak, bakoitzak bere estiloa erabiliz, hamaika gai jorratuko dituzte eszenatokiaren gainean. Erakustaldiari “Entre dos abrazos” emankizunak emango dio bukaera. Madrilgo Cía. Fuera de lugar konpainiako bi pailazok zahartzaroaren eta erabateko haurtzaroaren arteko harremanari buruz hitz egingo dute apirilaren 12an.

Sarrera doakoa izango da antzerki guztietarako. Hala ere, martxoaren 22 eta 29ko eta apirilaren 12ko ikuskizunetarako gonbidapena hartu beharko da udaltegian bertan, antzerkia hasi baino ordubete lehenagotik. Apirilaren 5ean sarrera librea izango da leku guztiak bete arte.