Irati Urrestarazuren erakusketa Rekalde aretoan

uriola.eus 2019ko uzt. 8a, 12:09

Irati Urrestarazuk `Laurogeita hamargarrenean´ aurkeztu du Bilboko Rekalde aretoko erakustokian.

Bizkaiko Foru Aldundiaren Rekalde aretoan "Laurogeita hamargarrenean" izeneko erakusketa egongo da irailaren 1era arte, ‘barriek 2019´ programaren barruan. Horrela, aurrera jarraitzen du Bizkaiko Foru Aldundiaren arte sorkuntzarako bekak jaso dituzten artisten lanak aurkezten eta egileak bistaratzen dituen bakarkako erakusketen zikloak.

Artistaren ekoizpenak berezkoak dituen objektu eta elementuen instalazio modukoa da erakusketa hau. Javier Arbizuk azaldu duenez, "Iratik guri mintzatzeko hartu duen ikuspegiak zerikusia du errotik eremu piktorikoarekin, hau da, irudiek eragiten diguten bakartzearekin. Haren lanak esperientzia fisiko ia psikodelikoa sortzen du: bat-batean koloreen mundu batean eta gogo aldarte jakin batean murgilduta aurkitzen zara".

Irati Urrestarazu Zubizarretak (Altsasu, 1989) UPV/EHUko Arte Ederren Fakultatean eta UCLMn ikasi zuen. 2014az geroztik Okela Sormen Lantegiko kidea da, eta 2019an arte plastikoetako GetxoArte erakusketaren komisarioa izan da Sahatsa Jauregirekin batera.

2019an BilbaoArteren egoitza-beka jaso du eta 2017an Bizkaiko Foru Aldundiaren sorkuntza-beka lortu zuen. Hainbat erakusketatan parte hartu du, besteak beste Iruñean, Altsasun, 2017ko GetxoArten, Manchesterren, Valentzian eta Cuencan.