Zea Mays taldeak disko berria argitaratuko du urte bukaeran

uriola.eus 2019ko uzt. 16a, 14:20

Bilboko taldea irailaren 1ean hasiko da bere hamargarren lana grabatzen. Durangoko azokarako prest egotea nahi dute, beraz, taldearen nahia urtea amaitu aurretik aurkeztea da.

Zea Mays taldeak disko berria grabatuko duela iragarri du bere web orrialdean. Azaldu dutenez: «Oso zirraragarria da guretzat kontatzea disko honetan Campi Campoo izango dugula ekoizle lanetan, Vetusta Morla edota Jorge Drexler-ekin lan egin duena eta bere curriculumean bost Latin Grammy dituena."

Horrez gain, Hector Castillok (David Bowie, Björk) diskoa New Yorken nahastuko duela azaldu dute. Hectorrek zenbait Latin Grammy eta nominazio ditu, hortaz, "sekulako diskoa egiteko lanean gabiltza buru-belarri" aitortu dute taldekideek.

Beraz, Andoaingo Garate estudioan hasiko dira lanean. Grabaketa irailaren 1ean hasiko da, eta bere hamargarren diskoa izango da hau, estudioko bederatzigarrena. Momentuz, ez dute diskoaren izenburua zein izango den esan.