52 urteko gizon kolonbiar bat jipoitu dute Errekalden

uriola.eus 2021ko ots. 19a, 14:03

Bizkaiko SOS Arrazakeriak gizon beltz bati otsailaren 13an Errekalde auzoan egindako eraso arrazista “bortitza” salatu du. Elkartearen arabera, biktima 52 urte dituen gizon beltz kolonbiarra da eta 20 eta 25 urte bitarteko mutil eta neska talde batek jipoitua izan da.

“Sollube kaleko etxebizitza bateko lagun bat bisitatzen ari zela, txakurrarekin zihoan 24 urteko mutil batek errieta egin zion”. Bere autora zihoala, mutila bere atzetik joan zen, bertan zer egiten zuen galdezka. Esperanto eta Leon Uruñuela kaleen arteko izkinan, gazteak okindegiaren pertsianaren kontra bultzatu eta lepotik heldu zuela esan du SOS Arrazakeriak. Gizonak ihes egiten saiatu zela, mutil gaztearen lagunak agertu ziren, 20 eta 25 urte bitarteko 5 gizon eta emakume bat. Aurpegian kolpe ugari jaso zituen, baina ihes egitea lortu zuela esan du elkarteak.

“Erasotzaileetako batek atzetik harrapatu, kamiseta urratu eta lurrera bota zuen”. Erorketa handiarengatik espaloiko zutoin baten kontra belaunean eta buruan kolpe handia hartu zuen.

Udaltzaingoaren patruila “kasualitatez” agertu zela azaldu du elkarteak. Anbulantziari deitu eta Basurtoko Ospitalera eraman zuten biktima.

Jasotako kolpeen ondorioz, “garezurreko eta toraxeko traumatismoa, aurpegiko zauriak belauneko kontusio eta zauria, polikontusioak eta hortz baten haustura ditu”.

Hori dela eta, SOS Arrazakeriak “indarkeria arrazista” izan dela azpimarratu nahi izan du eta kasu honek bestelako “arrazen ezaugarriak dituzten herritarrek jasandako indarkeria iraunkorra eta diskriminazioa” erakutsi duela. “Arrazoirik gabe lapurra izatea leporatu zioten eta arrazoi horregatik jipoitu zuten, etniaren eta arrazaren bidezko jatorriak delitugintzari modu faltsuan lotuta”.