Euskal konpainien lau obra Errekaldeko X. umorezko antzerki erakustaldian

uriola.eus 2022ko ots. 8a, 10:28
Ba al dago norbait hor antzezlana (Irudia: Bilboko udala)

Otsailaren 10ean izango da lehen ikuskizuna eta hurrengo hiru ostegunetan zehar beste hiru antzezlanak aurkeztuko dira. Bestalde, 23an hirugarren lanaren bezperan Ikusle Kluba egongo da. Ikuskizun guztiak 19:00etan izango dira Errekaldeko Udaltegian eta sarrera librea izango da edukiera bete arte.

Bueltan da umorezko antzerki erakustaldia Errekalden. Aurten hamar urte beteko ditu eta lau ikuskizunen bitartez, ondo pasatzeko eta barre egiteko aukera eskainiko die ikusleei. Lehenengo bi lanak gaztelaniaz eta beste biak euskaraz izango dira, baina euskal konpainiek ekoitzitako lanak izango dira laurak.

Aurten berrikuntza moduan, otsailaren 24an egingo den Hiru kortse, azukre asko eta brandy gehiegi antzerkiaren bezperan Ikusle Kluba antolatuko da. EHAZEk (Euskal Herriko Antzerkizale Elkartea) antolatuko du eta literatur solasaldietan egiten den moduan, hurrengo egunean ikusiko den lanari buruzko xehetasun gehiago modu parte-hartzaile eta dinamikoan ezagutzeko gunea eskaini nahi die ikusleei. 

Lehen lana El baile de las moscas izango da otsailaren 10ean, La cuerda teatro konpainiaren eskutik. Zahartzaroari, konpromisoari eta zainketei buruzko komedia beltz hau bizilagun-komunitate batean gertatzen da. Hildako emakume baten gorpua aurkitu berri dute eta beilatoki bat egiteko batzen dira auzoko baten etxean. Hala ere, nahiago dute errealitateari uko egin. 

Hurrengoa, Espejismos izango da. Otsailaren 17an eldarnio-umoreko ikuskizuna, zentzugabea eta poetikoa antzeztuko dute Kolectivo monstrenko konpainiako aktoreek. Bi izakik eta gidoilari batek bero-kolpe bat jasaten dute eta zentzugabearen musikal bat egiten dute.

Hirugarrena eta lehena euskaraz, Hiru kortse, azukre asko eta brandy gehiegi izango da otsailaren 23an. Kamikaz kolektiboa eta Ttak teatroa bat egingo dute eguneroko bizitzaz hitz egiteko hiru emakume batuko dituen antzerki honetan. Solasaldia aurrera doan heinean, zalantzak agertuko dira: ba ote dakite beraien bizitza beste norbaitek kontatua izan dela? Zein begiradatik izan dira sortuak? Historia kontatu diguten bezalakoa da? Nork mugitzen ditu emakume hauen kortseen hariak?

Azkena, martxoaren 3an, Ba al dago norbait hor? izango da eta Legaleón-T eta Kolectivo monstrenkok egingo dute bat. BAD Bilbao Antzerki Dantza 2018 jaialdian sortu eta estreinatu zen eta bizi gaituenari buruzkoa da; gure bizitzan zeharkatzen dugun denbora, hitzen eta ekintzen higadura, eta galdutako aukeren eta energiari buruzkoa.