Ostiral honetan egingo dute elkarretaratzea Bilboko Errekalde auzoan. Errekaldeberrin batxilergo arrunta manten dezatela eskatuko dute, baita ikastetxea baliabidez horni dezatela ere, "Errekalden batxilergoa ikasteko aukera egokia" egon dadin. "Ez da kasualitatea Errekalde bezalako langile auzo batean eta segregazio ekonomikoak kolpatutako Errekaldeberri institutuan hori gertatzea, hezkuntzaren kalitate jaitsieraren eta ikastetxearen bazterketa prozesuaren testuinguruan", salatu du Bilboko IAk. Taldeak jakinarazi duenez, Batxilergo arruntak ezabatu nahi dituzte Errekalde auzoko Errekaldeberri ikastetxean, LOMLOE erreformak "baimentzen duen batxilergo berri batekin ordezkatzeko". Modu horretan, Errekaldeberriko ikasleak "gehienbat Lanbide Heziketako ikasketetara bideratzea" da asmoa, IAko kideen esanetan.