Unibertsitateko sarbidea ahalbidetzen duen Batxilergoa Errekaldeberri BHItik kentzeko erabakia salatu dute

Maite Txintxurreta Agirregabiria 2022ko api. 1a, 13:31

Joan den astean jaso zuten Hezkuntza Sailaren erabakiaren berri, eta “asmo klasista” bati jarraitzen diola uste dute zentroko ikasle, langile eta gurasoen ordezkariek. Hori dela eta, orain arteko Batxilergo eskaintza murriztearen aurka borroka egingo dutela iragarri dute. Hasteko, gaur arratsalderako (18:00etan Errekaldeko plazan) IAk deitutako kontzentrazioarekin bat egin dute.

Ikastetxeko hezkuntza komunitateak Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari leporatu dio “herritarren bereizketa sozioekonomiko eta kulturalerako politika” garatzen aritzea, eta uste du oraingo erabaki hau “Bilboko auzo herrikoietako batean eskola segregazioan sakontzen jarraitzeko enegarren saiakera” dela. Gogorarazi dute Errekalde auzoak 25.000 biztanle inguru dituela, eta, hortaz, eskaintza publiko euskalduna, kalitatezkoa eta osoa izatea ez dela kapritxo bat, baizik eta uko egiteko prest ez dauden eskubide bat.

Gaur egun bi Batxillergo mota ematen dira Errekaldeberri BHIN, Zientifiko-Teknologikoa eta Humanitateetakoa. Bada, datorren ikasturtetik aurrera Batxilergo Orokorra soilik eskaintzea da Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak agindu duena. “Hartzaile mota zehatz bati bideratuta dagoen Batxilergoa da, eta ez du eskaintzen Batxilergo klasikoetan hainbat unibertsitate gradura sartzeko jorratzen den prestakuntza”. Hori dela eta, Jokin Bildarratz buru duen sailari eskatu diote orain arteko bi modalitateak mantentzeko eta hirugarrena, hau da, Batxilergo orokorra, txertatzeko, murrizketarik gabe.

2022-2023 ikasturterako matrikulazioa datorren astelehenean hasiko zela aintzat hartuta, “hezkuntza komunitatearen eta auzoaren premien, eskubideen eta interesen bizkar egindako plangintza” dela adierazi dute gaur egindako prentsaurrekoan, eta gizarte kohesioaren printzipioekiko hipokrisia nabarmendu dute.

Eusko Jaurlaritzaren erabakia gauzatzekotan, gaur egun Errekaldeberrin ikasten ari diren 4. DBHko neska-mutilak auzotik kanpora dagoen institutu batera joan beharko lirateke, San Adrianekora edo Ibarrekolandara, adibidez eta kasuan kasu. Bada, ikasleen ordezkari gisa jardun duten Iker Gomezek eta Aioa Orrantiak azpimarratu dute ez litzaiekela gustatuko beste auzo batera joan behar izatea beren ikasketak gauzatzera. Gainera, ordu erdi edo ordubete gehiago beharko lukete bertaratzeko, zehaztu dutenez. Horrek, Miguel Gomezek azpimarratu duenaren arabera, gurasoentzako ere kaltea dakar, kontziliazioa zailtzen baitu.

Hori dela eta, Errekaldeko ikastetxeei bultzada emateko eskatu dute, eta matrikulazio plurala erraztu zein hezkuntza ibilbide publiko euskaldun eta osoa berma dadin nahi dute. Hala, Errekalden bertan zein antzeko ezaugarri sozioekonomikoak dituzten beste gune batzuetan “bereizketarako hezkuntza politika behingoz baztertzeko” exijitu dute. Gogorarazi dute, gainera, gaur egun Errekalden bertan hiru hezkuntza zikloak (Lehen Hezkuntza, Bigarren Hezkuntza eta Batxilergoa) sistema publikoaren baitan egiteko aukera “aurreko belaunaldien borrokaren emaitza” dela, eta oraingo erabakia 40 urte atzera egitea dakarrela. Hala azpimarratu du Miguel Gomezek.

Arratsaldeko kontzentrazioaz gain, datorren asteazkenean bilera bat egingo dute, auzo guztiari irekita egongo dena. Errekaldeko barrutiko udaltegian izango da, 19:00etan. Hurrengo ekintzak zehazten joango dira bertan.

Kontzentrazioa gaur arratsaldean

Bilboko Ikasle Abertzaleak taldea ere itxieraren aurka agertu da, eta elkarretaratzea deitu du gaur arratsalderako. 18:00etan izango da, Errekaldeko plazan.

"Ez da kasualitatea Errekalde bezalako langile auzo batean eta segregazio ekonomikoak kolpatutako Errekaldeberri institutuan hori gertatzea, hezkuntzaren kalitate jaitsieraren eta ikastetxearen bazterketa prozesuaren testuinguruan", salatu du ikasle antolakundeak. Gainera, uste dute Errekaldeberriko ikasleak "gehienbat Lanbide Heziketako ikasketetara bideratzea" dela honen guztiaren atzean dagoen asmoa. "Ez dugu batxilergo arruntak ikasteko aukerarik izango Errekalde osoan, eta ikasleok San Adrian edo Unamuno ikastetxeetara joan beharko dugu ikastera", diote.

Hala, Ikasle Abertzaleek egiten duten irakurketa da auzoko gazteak unibertsitateko ikasketen aukeratik urruntzeko xedea duen erabakia dela, eta horiek Lanbide Heziketara bideratzea. Azaldu dute azken urteetan nabarmen igo direla ikasketa mota horietara bideratutako inbertsioak, eta arlo horretako ikasleen kopurua %65 handitu dela. "Horren arrazoia da Lanbide Heziketan eskuratzen diren ezaugarriak izango dituzten ikasleak behar dituela klase agintariak (…) Batxilergo berriaren helburua argia da: ikasleria etorkizuneko lan-esku merkea osatzera bideratzea", ondorioztatu dute.