Maiatzaren 26an egin zen hileroko udalbatzan Errekaldeko autopista izan zen hizpide. Astebete lehenago, 500 auzokide inguruk manifestazioa egin zuten Errekalden, zubibidea kentzea eskatzeko. Izan ere, Foru Aldundiak obrak "oraingoz itxaron beharko zuela" esan zuen, diru falta argudiatuta.
Aurreko asteko udalbatzan, berriz, guztiz aldatu zen erabaki hura. Juan Mari Aburtoren ustez, udalaren presioei esker. Bada, Autopista Kanpora plataformako kideei atsekabea eta ondoeza eragin diete hitzok. Zalantzan jarri dituzte baieztapen horiek, eta Aburtok duela hilabete bat Foru Aldundiak proiekturako dirua esleituta ez zeukala ezagutzean esandako hitzak gogora ekarri dituzte: "Guk gure lana egin dugu jada". Plataformak maiatzaren 19an "Bilboko Udalean eta diputazioan gobernatu gaituzten politikarien gezur eta engainuen aurka" egindako manifestazioan jarri dute fokua.
Imanol Pradales azpiegituretarako eta lurralde garapenerako foru diputatuak hartutako erabaki berriaren arabera, "halako obra handi batek proiektu eta aurrekontuen konplexutasuna dakarrela jakinda, beharrezko ahalegin teknikoak eta aurrekontu-ahaleginak egingo dira Bilboko HAPOn Errekalde auzorako onartutako saihesbide-aurreikuspenak ahalik eta lasterren gauzatzeko". EAJ-ren ea PSE-EE-ren botoekin atera da aurrera mozioa.
Autopista Kanpora azaldu duen moduan, oposizioaren proposamenaren zuzenketa bat da. Horren ondorioz, plataformak zalantzan jarri du ea zein izan den Foru Aldundiari presioa egin dion testua. Idatziaren arabera, "Errekaldeko saihesbidea egiteko eraikuntza-proiektu bat idazteko eta 2022an edo 2023an diru-hornidura konpromisoa hartzeko", eskatzen zaio aldundiari.
Foru Aldundiaren jarrera ere zalantzan jarri dute Plataformako kideek: "Hurrengo urtean, hauteskunde urtean, espero da foru aurrekontuetan Errekaldeko sahiesbiderako tokia egotea. Baina hauteskundeen ostean, zer gertatuko da?". Auzi honen harira, "gezurrak eta engainuak" bertan behera uztea eta "promesak bete daitezen" eskatu dute du plataformak.