7. barrutiko udal kontseiluko bizilagunen ordezkariek dimisioa aurkeztu dute

uriola.eus 2022ko aza. 23a, 13:39
Dimisioa aurkezteko batzarra (Argazkia: FAVB)

Utzikeriaren eta parte-hartze ezaren aurrean aurkeztu dute dimisioa Errekalde eta inguruko Batzordekideak. Ezinegona erakutsi dute Udal Gobernuaren aldetik pairatzen ari diren "mespretxuagatik". 

 

Errekalde eta inguruko auzokideak aski dela esan dute. 7. barrutiko udal kontseiluko lau batzordekideek dimisioa aurkeztu dute. "Idazki honen bidez, berriz ere, frustrazioa adierazi nahi dugu, gure ekarpen, ideia, ekimen eta proiektuei egiten ez zaien kasua dela eta: bai banaka bai taldean sustatutakoak", adierazi dute haserre. 

Ez da haien ezinegona aurkezten duten egun bakarra. Errekaldeko Barrutiko Kontseiluan inguruko Elkarteen ordezkari gisa parte hartzen duten Batzordekideak Udal Gobernuak egiten duen kasu eza salatu dute hainbatetan. Errekalde Plaza ingurua eraberritzeko proiektua izan da arazoa hauspotu duen azken auzia. Horren inguruan ekarpenak eta alegazioak egiteko Udalak ezarritako epeak bete arren, ez zuten inolako jakinarazpenik jaso. Prentsaren bidez izan zuten obren hasieraren berri eta azkenean egingo zen proiektua.

"Aspertuta" daude auzokideak, auzoa hobetzeko gastatzen duten denbora eta ahalegina balekoa ez delako: "Alde batetik ikusten dugu gure ekimen guztiak zaku hautsian erortzen direla; eta bestetik, Errekaldeko Barrutiaren bizi-kalitatea okertzen ari dela, erakundeen etengabeko utzikeriagatik, hezkuntzan, mugikortasunean, azpiegituretan, garraioan eta abarretan".

Funtzionamendu modu honen bidez funtzionatzea zentzurik ez duelako aurkeztu dute dimisioa batzordekideek: "Ez da batere parte-hartzailea, eta ez du errazten herritarren eta Udalaren arteko adostasuna, ez eta elkarrekin lan egitea ere, gure auzoak hobetzeko".

Dimisioa aurkeztu dutenak

Miguel A. Gómez, A.D.C. Gazteleku, Asier Orbea, Errekaldeko Seglar apostolutza, Fernando Árevalo Errekaldeko Auzo elkarteko kidea eta Pedro Castañares, Iturrigorri-Peñascal familia elkarteko kideak aurkeztu dute dimisioa.