Aluzeta komunitate zentroan dago ikusgai erakusketa, abenduaren 9ra arte. Aipatu bezala, auzoko bizilagun eta eragileek emandako materialarekin dago osatuta. Ostiralean egin zuten inaugurazioa, Euskaraldia abiatu zen egun berean, hain zuzen ere.
Konplizitateak ehuntzen izena jarri diote, jakitun baitira euskararen erabilera eta ezagutzaren arloan aurrerapausoak eman ahal izateko transbertsalitatea behar-beharrezkoa dela. Hori dela eta, auzoaren parte diren norbanako eta eragileen arteko harremanetan konplizitate horien bila jarraitu nahi dute, guztion artean Errekalde euskalduna eraikitze aldera, aurkezpenean aipatu zuten bezala.
Bada, sare horretan memoriak ere badu bere tokia, eta erakusketa hau da horixe bera lantzeko orain arte egindako lanaren lagina. Dena den, zeregin hori ez da amaitu, eta aurrerantzean ere auzoko euskalgintzari lotutako testigantzak, argazkiak eta bestelako materialak biltzen jarraitu nahi dute. Hala, ekarpenen bat egitea nahiko lukeen edonor errekaldeeuskaraz@gmail.com helbide elektronikoaren edo 615493527 telefono zenbakiaren bitartez jar daiteke harremanetan egitasmoaren bultzatzaileekin.
Euriz bustitako ospakizuna
Goian aipatutako erakusketa ez ezik, eguerditik gauera arteko egitaraua izan zuten larunbatean, Euskaraldiari ongi-etorria emateko. Egia esatera, eguraldiak erabat baldintzatu zuen hitzordua, baina hala ere gehien-gehiena aurrera eramatea lortu zuten, eta “giro polita” sortu zen azkenean, Euskaraldiko batzordekideek azaldu dutenez.
Plazako kioskotik auzotarrei deialdia eginez abiatu zuten jaia, eta horren ostean, euria apur bat moteltzean, erromeriari ekin zioten, trikitilariekin eta pandero-jotzaileekin. Euria zela eta, autopistapean bildu ziren dantzan, eguzkia ateratzen zen uneak aprobetxatuz kanpora ateratzeko.
Tamalez, aurreikusita zegoen Txaloka taldearen Bualá ikuskizuna bertan behera geratu behar izan zen, baldintzak ez zirelako egokiak; izan ere, euriaz gain haize handia zebilen.
Eguna borobiltzeko, hiru kontzertu egon ziren, iluntzean hasi eta gauera arte. Txalainak, Acido Folklorico eta Uki Selektah eta lagunak arduratu ziren jai giroa plazaraino ekartzeaz. Euriak ez zuen atsedenik eman orduan ere, baina taldekideak kioskoaren izkina batean jarri zirenez, zenbait ikusle ere bertara igo ziren, aterpean egoteko. Behean geratu zirenentzako ere karpak jarri zituzten, beraz, busti barik egin ahal izan zuten dantza guzti-guztiek. Hala, gertuko taldeak zirenez protagonista, gazte jende ugari hurbildu zen, eta giro aparta jarri zuten guztien artean.