Bilboko hegoaldeekiko erakundeen utzikera salatzeko mobilizazioa

uriola.eus 2023ko mar. 22a, 15:23

Argazkia: Bilboko Hegoaldea Bizirik

Milaka pertsonek parte hartu zuten larunbatean Bilboko Hegoaldea Bizirik plataformaren manifestazioan.

Artazu Goikoa, Artazu Behekoa, Betolaza, Irala, Itugorri-Peñaskal, Larraskitu, Errekalde, San Adrián, Urizar Dorrea eta Uretamendi auzoetako herritarren demandak biltzen ditu plataformak. Guztira, 70 auzo elkarte, eragile sozial eta kultural baino gehiagoz osatuta, “Udal eta Foru Gobernuak auzo hauekin hartutako konpromezua bertan behera utzi dutela” salatzea du helburu.

Plataformak aldarrikatutako eskaeren artean, nabarmentzekoak dira: “errekaldeko autopistaren eraisketa edo Metroko 4. linea moduko azpiegiturak edota obra txikiagoak, hala nola, auzoetan irisgarritasuna bermatuko duten elementu mekanikoen eraikuntza”.

Horretaz gain, Osakidetzak hartutako murrizketa neurriek osasun zentroetako lehen mailako arreta zerbitzuaren eskastea ekarri dutela salatzeaz gain, “instituzioek zonaldeko hezkuntza publikoaren aldeko apustua egin dezatela aldarrikatu” zuten.

Funtsean, aipatutako bi erakundeei Bilboko hegoaldeko auzoetan 70.000 pertsona baino gehiago bizi direla gogorarazi nahi izan zuen Plataformak. Halaber, “inguru horretan inbertsio handiagoa egin dezatela eta auzo horien abandonu egoerarekin amaitu dezatela” eskatu zuten.