Udaltzaingoak Iralan atxilotu du Marseillako hilketa-saiakera baten ustezko egilea

uriola.eus 2023ko eka. 12a, 11:39

Bilboko Udaltzaingoa. Argazkia: Bilboko Udala.

Ustez, bi pertsona eraso zituen arma zuri handi batekin Frantziako hiri horren erdigunean, bietako bat hilzorian utziz. Epaileak behin-behineko espetxealdia agindu du, Frantziara estraditatu arte.

Informazioen arabera, Frantziako Marseilla hirian gertatutako bi hilketa-saiakeraren ustezko egilea Bilbon omen zegoen. Horrekin batera, pertsona hori atxilotzeko nazioarteko agindua zabaldu zuen Frantziako Gobernuak.

Kriminalista Orokorreko Ikuskaritzako agenteek pertsona horren nondik norakoak ikertzen ari ziren, Bilbotik zebilela zehaztuz. Informazio bildu ondoren, agenteek Polizia Nazionalarekin dispositibo bateratu bat ezarri zuten.

Horrenbestez, ustezko hiltzailea Bilboko Irala auzoan aurkitu eta atxilotu dute. Ostean, Indautxuko Polizia Nazionalaren egoitzara eraman zuten, epailearen esku utziz. Horrek behin-behineko espetxealdia agindu du Frantziara estraditatu arte.

Gertakariak

Egileak bi pertsona eraso zituen arma zuri handi batekin Frantziako Marseilla hiriko erdigunean. Erasotzaileak zauri larriak eragin zizkien biktimei, bietako bat hilzorian utziz.

Itxura denez, tabako-kontrabandoaren inguruko kontu-garbitze baten ondorioz gertatutako erasoa izan zen.