Bilbo Hegoaldea Bizirik plataforma otsailean sortu zen. 10 auzo desberdinetako 76 eragilek osatzen dute. Zerk eraman zintuzten batzera?
ALM: Elkarrekin gauden auzoak gara, borroka askotan batera egotera ohituta gaudenak. Hala, ikusten genuen amankomunean eskaera asko; horien artean, erakundeetara ailegatzeko eta gure mezuak helarazteko zailtasuna. Horregatik, plataforma hau sortzea erabaki genuen, indar gehiago izateko.
Sorreratik hona hainbat mobilizazio egin dituzue. Gainera udal hauteskunde batzuk izan ditugu tarteko. Zerbait aldatu da?
ALM: Nire ustez gure mezua agintean dagoen taldeari heldu zaio. Hemendik aurrera orain arte egindakoak izango dituen ondorioak edo agintarien aldetik eragingo duen erreakzioa oraindik ikusteko dago.
“Gure mezua agintean dagoen taldeari heldu zaio”
Harreman zuzenik izan duzue udal gobernuarekin edo oposizioko alderdietako kideekin?
JLP: Alderdi politiko batzuekin bai. Azken plenoan adibidez, Metroko 4. linearen Plataformako kide batek gure eskaera aurkeztu zuen eta handik gutxira etorri ziren PSE, Bildu eta Podemoseko kideak etorri zitzaizkigun. EAJ izan da gurekin harremanetan jarri ez den alderdi bakarra.
ALM: Argi dago hauteskundeak bukatu berri direla eta oraindik haien jarduna antolatzen ibiliko direla. Nik esperantza daukat, behin legealdiaren lehendabiziko fase hau pasa eta gero, deituko gaituztela eta aukera izango dugula alkate izango denarekin gure eskaerez patxadaz hitz egiteko.
Zentzu horretan, elkartea sortu zenutenean Barrutiko Kontseilutik irten zinetela adierazi zenuten. Nolakoa da gaur egun udalarekin duzuen harremana?
JLP: Momentuz ez. Nik dakidala Kontseiluan zeudenak izan dira Udaleko kideekin eta espero dut gauzak aldatuko direla, parte hartzeko aukera izanik.
ALM: Zentzu horretan, gure asmoa euren intentzioa deitzea zen, parte hartzeko modu honekin ados ez gaudela adierazteko. Haiek, beraien aldetik, adierazi digute sorpresaz hartu zutela guk Kontseilua uztea. Orduan, nik uste beraiek ere hausnarketa bat egin behar dutela.
“Gure asmoa euren intentzioa deitzea zen, parte hartzeko modu honekin ados ez gaudela adierazteko”
Zuen eskaera garrantzitsuenetako bat Metroaren 4. linea da. Zein da momentu honetan proiektuaren egoera?
JLP: 2018an alderdi guztiek adostu zuten linea horren eraikuntza. Bat-batean iritziz aldatu zuten eta Alonsotegitik Abandorainoko metro linea eraikitzea erabaki zuten. Ez dakigu ondo zergatik gertatu zen aldaketa hori. Dagoeneko badago txosten bat Matikotik Moyuaraino eta falta zaiena da Moyuatik Errekalderainokoa.
Momentu honetan proiektua geldituta dago. Alderdi politiko guztiek, EAJ izan ezik, gure eskaerarekiko adostasuna erakutsi dute. Beraz, orain ikusiko dugu hauteskundeen ondoren zer gertatuko den.
Horren harira, Metroaren 5. linearen eraikuntza-lanak urrian hasiko dira. Erabaki horrek hausnarketarik eragin du zuen plataforman?
ALM: Gurea berez 3. lerroa izan behar zuen. 3.a izatetik 4.a izatera pasa zen. Aspalditik sumatzen genuen 5. lerroa aurreratuko zitzaigula. Orduan, alde batetik, gu pozten gara Galdakaoko jendearengatik baina gure borroka bestelakoa izan da.
“Gurea berez 3. lerroa izan behar zuen. 3.a izatetik 4.a izatera pasa zen”
JLP: Haien kasuan politikoek eskua hartu dute, alkateak eta zinegotziek, gure kasuan gertatu ez den bezala. Gureak, ordea, AHT-ren Intermodala aipatzen duen bitartean, ez ditu Errekaldeko gauzak defendatzen
ALM: Hala da bai. Galdakok bere udalaren babesa izan du eta zentzu horretan inbidia puntu bat sortzen digu, gure alkateak ez baitu berdin babesten.
Bat zatozte Bilbo bi abiaduran bizi den hiri bat dela esan dutenekin?
ALP: Guztiz ados. Ez dakit bi, hiru edo zenbat abiaduran, baina argi dagoena zera da: auzoak utziak daude. Ez da inbertitzen erdigunean inbertitzen dena.
Zuen barrutia zeharkatzen duen Autopistaren eraisketa plazaratu dituzuen aldarrikapenetako bat da. Hainbat proposamen egin izan dira eskaera hori gauzatzeko. Zein da momentu honetan proiektuaren egoera? Proiektu zehatzen bat dago aurreikusita?
ALM: Badago bat zehaztuta, Foru Aldundiak berak proposatutakoa, baina oraindik proiektua ez dago garatuta -orain arte ez dutelako garatu izan nahi-. 40 urte baino gehiago daramatzagu eskaera honekin eta pilo bat proiektu aurreratu zaizkigu. Dirudienez, aurten ekingo diote gureari eta, horretarako, partida bat jarri dute. Ondo dago, baina berandu dator.
“40 urte baino gehiago daramatzagu eskaera honekin eta pilo bat proiektu aurreratu zaizkigu”
Osasuna eta hezkuntzarekin ere neurriak eskatzen dituzue. Zer da zentzu horretan eskatzen duzuena?
JLP: Hezkuntzari dagokionez, denbora asko daramagu neurriak eskatzen. Hasieran, eskola bat izateko eskatu genuen; izan ere, garai batean hiriko auzo guztiek eskolak zituzten gu izan ezik. Gaur egun eskolak baditugu, baina ez daude zainduta eta hemen bizi diren ume asko beste auzoetako ikastetxeetara joatera behartuta ikusten dute euren burua. Zentzu honetan institutoarena da dugun arazo nagusietako bat, zonaldean daukagun bakarra Larraskitun dagoena izanik. Hori gutxi balitz, bertan ez dira batxillergoko modalitate guztiak eskaintzen, gure gazteen aukerak murriztuz.
Gainera, jakin dugunez momentu honetako eskaintza murrizteko asmoa dute. Egun, 3 D ereduko taldek eta B ereduko beste batek ikasten dute institutoan. Aurrera eraman nahi duten aldaketen bitartez, ordea, azken talde hau kendu nahi dute eta bertan ikasten duten ikasleak beste ereduetan sartu. Ondorioz, geratuko diren ikasgelen maila, kaltetua izango da. Adibide batez hobeto azaltzeko: Errekalden dugun biztanle kopuru berdinarekin, Deustun 8 batxilergo mota dituzte, guk bakarra dugun bitartean. Beraz, argi dago oso desberdinak garela Bilbo honetan.
“Errekalden dugun biztanle kopuru berdinarekin, Deustun 8 batxilergo mota dituzte, guk bakarra dugun bitartean”
ALM: Osasunaren kasuan Osakidetzan gertatzen ari den zerbitzuen gutxitzeen dinamika Errekaldeko anbulategian ikus dezakegu. Biztanle-maila hobea den auzo batzuetan, agian, pribatura joan daitezke; gure auzoetan, ordea, langileak gara eta zerbitzu publikoak behar ditugu. Gainera, entzuten ari gara beste zerbitzu batzuk kendu edo beste auzo batera mugitu nahi dituztela, Osakidetzako anbulategiaz aparte, umeentzako arreta psikologikoko zerbitzua edo modulo psikosoziala esaterako. Gure aldetik, kontziente gara pertsona zaurgarri horiek aipatutako zerbitzuak gehien behar dituztenak direla eta beste auzo batera ez direnak desplazatuko. Beraz, gertuko zerbitzuak behar ditugu eta dauzkagunak ere galtzen ari gara.
Zer da hurrengo lau urteei begira aldatzea gustatuko litzaizukeena?
ALM: Guk nahiko genukeena da udalaren eta erakundeen aldetik gertutasun bat, benetan jesarri daitezela gurekin aztertzera dauden arazoak eta egitazko borondate bat arazo hauek konpontzeko. Batzuk konplexuagoak dira beste batzuk aztertu behar dira zein den soluziorik onena, baina gutxienez aintzat hartzea auzoen eskakizunak eta auzoen egoera aztertzea.
JLP: Barrutiko Kontseilu bat dago eta Elkarteko jendeak parte hartzen du. Udalak dio jendeak parte hartu dezakeela, baina gero, egia esan, ez da egia. Zergatik? Haiek nahi dutena egiten dutelako, jendearekin kontatu gabe. Horregatik, pasa den apirilean parte hartzen zuten guztiak altsatu eta joan egin ziren kontseilutik. Beraz, espero duguna da benetan parte hartzeko aukera izatea hartzen diren erabakietan.
“Udalak dio jendeak parte hartu dezakeela, baina gero, egia esan, ez da egia”
[ELKARRIZKETA] Bilboko Hegoaldea Bizirik @HegoaldeBizirik
— Bilboko Uriola (@uriolaeus) June 13, 2023
🗣️ "Metroko 4. linearen proiektua onartu ondoren, ideiaz aldatu zuten. Ez dakigu zergatik"
👉 Elkarrizketa osoa hemen: https://t.co/O46ewJP4Fl pic.twitter.com/SxSZ4cwFrA