Rekalde Aretoak publikoari ateak ireki dizkio

uriola.eus 2025ko urt. 28a, 09:58

2024ko apirilaren 26tik urtarrilaren 26ra arte Rekalde Aretoa obretan egon eta gero, gaur, hilak 28, publikoari irekiko dizkio ateak Iparragirre 21 kaletik.

Rekalde Aretoa bederatzi hilabete obretan egon eta gero, bere inaugurazio programa publikoa gaur hasiko da, hilak 28, eta otsailaren 9ra arte luzatuko da, egunero jarduera ezberdinak eskainiz.

Gaur goizean, 11:00etan, talde itunduentzako jarduera egongo da. Zentzumenen bidez Rekalderen soinua ezagutzeko aukera izango dute ibilbidea eginez espazioan zehar. Arratsaldeko 17:30ean Rekalde Aretoa proiektuaren aurkezpena egingo dute, espazioaren ikuspegi berriaren sarrera eginez, eta 18:00etan, Lanean Rekalde en obras-en proiekzioa egongo da, EITB Mediak ekoitzia, espazioa eraldatzeko obran zehar hainbat artistek Rekalde Aretoan garatu duten sormen prozesua.

 

Espazioarekin hizketan

Urtarrilaren 29an, goizeko 09:00etan, Justicia soziala eta aniztasuna ondare-hezkuntzari aplikatua izenpean ONDARHez II. Topaketa ospatuko dute. Arratsaldeko 18:00etan - 'Sua' performancea egingo dute Jose Pablo Arriaga eta Garazi Etxaburu artistek.

Ostegunean, hilak 30, 11:00 berriro egongo da talde itunduentzako jarduera, Zentzumenen bidez Rekalderen soinua ezagutzeko ibilbidea eginez espazioan zehar. 18:00etan, Ibon RGk eta Garazi Navasek Hormen kontra, Pareten alde aurkeztuko dute. Omenaldia egingo dute, soinuen bidez, Rekalde Aretoan esperimentatu izan diren obrei.

Otsailaren 9ra arte, egunero eskainiko dituzte bitartekaritza-proposamenak, artistekin topaketak eta espazioarekin hitz egiten duten ekintzak.

 

1991tik artearen ardatz

Rekalde Aretoa egungo arte-jarduera askoren ezagutzan, harreran eta hedapenean sakontzeko helburua duen gune bat da. 1991. urtean sortu zen, eta haren ibilbidea estuki lotuta egon da mugen barnean eta kanpoan ekoizten den arte garaikidearen ikerketarekin. Ildo horretan, egungo artearen ardatz diren eztabaidetan oihartzuna izan duten lan-proposamenak egin ditu.

Rekalde Aretoak leku egokia izan nahi du funtsezkoak diren gako batzuk batera landu ahal izateko, hain zuzen, arte-ekoizpenaren esanahiari, artearen aurkezpen- eta erakusketa-mota ezberdinei, eta era askotako ikusleekin elkarrizketan aritzeko gaitasunari dagozkien gakoak.