Gizarte inklusiorako baliabideen sarea indartzeko Eguneko Zentro berria inauguratu du Aldundiak Bilboko Errekalde auzoan. Hegan programaren baitan kokatzen da, zeina gizarte-bazterketa larrian dauden pertsonei arreta emateko diseinatuta dagoen. Bizkaiko Foru Aldundiko Enplegua, Gizarte Kohesioa eta Berdintasuna Sustatzeko Sailak bultzatzen dute Hegan programa.
Zentroak ehun pertsona artatzeko kapazitatea du, eta eguneko arreta eskainiko die muturreko zaurgarritasun-egoeran dauden gazteei eta helduei, baita buru-nahasmenduei, adikzioei edo etxegabetasunari aurre egiten dieten pertsonei ere. Erabiltzaileek lehengoratzeko, atsedena hartzeko, indarberritzeko, afektua jasotzeko eta gizarteratzea ahalbidetzeko diseinatutako jardueretarako gune gisa pentsatuta dago.
Eguneko Zentro berria ingurune segurua eta irisgarria eskaintzeko egokitu da, bazterketa-arriskuan dauden pertsonek funtsezko zerbitzuak, gizarte-aholkularitza eta inklusio-prozesuan laguntza jaso ahal izateko. Gainera, Eguneko Zentroak office-gune bat du, etxetresna elektrikoekin, dutxak eta azpiegitura elektriko egokia duen lan-eremua, onuradunen eta eurekin egoten diren profesionalen beharrei erantzuteko.
Politika berritzaileak martxan
Teresa Laespadak, Enplegua, Gizarte Kohesioa eta Berdintasuna Sustatzeko Saileko diputatuak, ekimenaren garrantzia azpimarratu du: "ez du balio konformatzeak eta huts egiten duena jendea dela pentsatzeak”. Horregatik, politika berritzaileak beharrezkotzat jo ditu egoeraren larritasunaz jabetzen ez direnentzat, euren bizitzak behar duen aldaketarako aktibatzeko gai ez direnentzat, zein laguntza eskatzen ez dutenentzat. “Pertsona horiengana hurbildu eta entzun egiten diegu, gure laguntzarekin eta arretarekin egiten den aldaketa baterako motibatuz ", gehitu du.
Bere garapena eta funtzionamendua bermatzeko Bizkaiko Foru Aldundiak Adsis Fundazioaren bitartez kudeatzen du, Bizkaian bost hamarkadatik gorako esperientzia duen irabazi-asmorik gabeko erakundea.