Errekalden, Bilboko Kukutza III gaztetxearen auzoan, kokatuko den proiektu urbanistiko berri batek Etxarri Gaztetxearen kontrako desalojo agindua ezarri dute apirilaren 4rako. Hori dela eta dei egin dute martxoaren 28an Etxarriren defentsan egingo den manifestazioan parte hartzera, Errekaldeko Plazatik hasita. Bestetik, apirilaren 4an, desalojoaren egunean bertan, espazioa modu aktiboan defendatzeko deia egin dute.
Astearte honetan, hilak 25, Bilboko Errekalde Plazan egindako agerraldian, mobilizaziora batu diren beste eragileen berri emateaz gain, desalojo aginduaren erantzule zuzenak jarri dituzte mahai gainean.
“Batetik, gaztetxearen etorbidean egitekoak diren proiektu urbanistiko elitistarekin poltsikoak beteko dituzten Amenabarreko enpresariak, eta bestetik, Bilboko udala, pelotazo urbanistiko honen bultzatzaile nagusia, eta proiektua makillatzeko luxuzko eraikinen ondoan Babes ofizialeko etxebizitza batzuk eskainiko dituena”, salatu dute. Izan ere, gaineratu dute eraikuntza berriak hasteko oraindik urteak falta diren arren, nahiago dutela Etxarri hutsik gelditzea.
Hamarkada batez gazteen topaleku, kultur gune eta auzo-eragileen bilgune izan den espazioa dela gogorarazi dute: “2014an okupatu zen bi hamarkadetan zehar hutsik egondako espazioa. Kukutza III-ren eraispenaren ondorioz auzoko gazte langileen beharrei erantzun kolektibo bat emateko helburuarekin”. Gainera, auzoko 15 elkarterentzat bilgunea izan da, eta gazteentzako lan gune gisa funtzionatu du, bertan 3 enpresa autogestionatu sortu direlarik.
Atxikimenduak
55 kolektibok baino gehiagok sinatu dute prozesua gelditzeko exijitzen duen manifestua, horien artean aurkitu ditzakegu eragileak, komertzioak eta artistak.
Erreakalde-Iralako Gazte Konpartsa, Gazteleku Errekalde, Zutitzen Errekalde, Errekartalo Jai Batzordea, Iralako Jai Batzordea, Askapeña Konpartsa, Atxuriko Jai Batzordea, Azet Etxebizitza Sindikatua, Bilbo Zaharreko Kultur Etxea, Bizizaleak Konpartsa, Deustuko Gazte Lokala, Errondoko Auzo Etxea, GKS Bilbo, Itaia Bilbo, Kranba Konpartsa, Otxarkoagako Gazte Asanblada, Piztu 02 Uribarri, Saniko Gazte Asanblada, Txomin Barullo Konpartsa, Zazpi Katu Gaztetxea, Akerjende Sound Sistema, J Martina, Ziztada, Zoroen kluba… batu dira, besteak beste. Hona hemen zerrenda osoa.