uriola.eus

Beltza

Erabiltzailearen aurpegia   Iritzia

'Beltza' hitzaren adieren bila hiztegira jo dut egunotan. Hainbatetan begiratu dut: Euskaltzaindiaren hiztegian eta web orrian eskaintzen duen Orotarikoan, baita Elhuyarren eta hiztegi teknikoetan ere, Wikipedian, gaztelaniazkoetan... ez diot esanahi onik aurkitu. 

Beltza
Argazkia: shadowandact.com | Ikusi handiago | Argazki originala

Beltza erabiltzen dugu tristura adierazteko, zorigaiztokoa, zakartasuna, zitalkeria. Nota zuriaren erdia balio du nota beltzak eta gertuko norbaiten heriotzak eragiten digun samina adierazteko beltzez janzten ginen orain ez oso aspaldira arte. Etorkizunean esperantzarik ez dugunean beltza deitzen diogu datorrenari, kopetabeltz gabiltzanean triste eta haserre gaude. Iluntasuna, argitasun eta kolorerik gabea da beltza.

Emakume afrikarrak solaskide izan ditut telebistako erreportaje baterako eta ustekabean hartu naute beren arrazarekiko gugan sumatu dituzten hainbat keinu eta jarrerak direla medio. “Gure kolorea muga gaindiezina  da sarritan”, hala esan didate ez batek edo bik. Jatorri, adin eta giza kondizio desberdinetako emakumeekin hitz egin dut: gazteak eta ez horrenbeste, langileak, langabeak, ikasketadunak zein gabeak, afrikarrak guztiak, beltz-beltzak, hamar urtetik gora gure artean bizi direnak, seme-alaba euskaldunen amak. “Arrazaren arazoa hortxe dago”. “Ez naute ondo begiratzen, nire koloreagatik dela uste dut”. “Oraindik ez gaituzte nabarmenegi ikusi nahi”, horrelakoak esan dizkidate eta ni, harritua.

Ez omen da bazterkeria, ondo hartuak sentitzen dira; ez eta erabateko arrazakeria, bertako zuri-euskaldunak lagun dituzte, senar, senide baina, antza, ez ditugu gure umeak zaintzeko nahi, ez eta gure tabernetan zerbitzari (hobe sukaldean) ezta gure dendetan dendari (hobe biltegian). Komunikabideek osatutako estereotipoekin gabiltza aurrera eta atzera, baita edo eta batez ere, arrotz sentitzen ditugunekin. Uste dugu ez dakitela, baina bai, gure lotsarako, badakite. Gaindiezinezko den muga, oztopo edo horma hori ez du koloreak eraiki, ezjakintasunak baizik. Ezagut ditzagun, galde diezaiegun nola dauden, zer behar duten, nola bizi diren, gure lagunak izan nahi ote duten.

Nik, gutxi izan badira ere, ezagutu ditut batzuk: Mariama, Aissatou, Lidia, Suzanne, Mame Saye Fall. Emakume indartsuak, alaiak, kementsuak, ausartak, biziak. Ederrak benetan. Beltzak baina ez horregatik ilunak. Nork ematen die adiera hitzei? Norberak asmatu al dezake bat? Hala bada, beltza, dizdira ere bada niretzat.

 

Testua: Aintzane Bolinaga

Argazkia: shadowandact.com

Erantzunak

Erabiltzailearen aurpegia Erantzuna | #1

Lana beltz (!) egin beharko adieroi itzulipurdi egiteko!

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa