uriola.eus

Emakume izateaz harro

Erabiltzailearen aurpegia   Iritzia

1."Gaur denok beltzez eh?" esan dit bizilagunak. "Bai, noski" erantzun diot. Goitik behera beltzez noa ni, bera ere bai. Lanerako bidean ere inoiz baino emakume gehiago ikusi dut beltzez jantzita. Jakina da kolore beltzak gorputza liraindu egiten duela eta okasio guztietarako datorrela ondo. Gaur baina esannahi berezia dauka: ez dakit ze emakume taldek dei egin digu emakumeoi gogoan izan ditzagula indarkeria matxistak hildakoak, beltzez jantzita.

Biktimen datuak ikaragarriak dira, onartezinak, barrenak nahastu egiten dizkizunak. Guztiok aztoratzen gaituzte, andra eta gizon. Baina matxismoak adierazpen bortitzenez gain badu xorro-xorro gure egunerokotasunean hedatzen den beste espresiobide ixil eta kaltegarririk...

2.- Gosaltzera sartu naiz nire kaleko hoteleko kafetegira. Plazerra da, denbora sobera duzunean, tortila eginberriarekin eta egunkaria lasai irakurriz lanegunari ekitea. Gaurkoan baina kontrako eztarritik joan zait lehen orrialdea. Bizkaian zabalduen dagoen egunkariko azala emakume aurpegiz josia izan dut aurrez-aurre, "SON NOTICIA" lerroburupean. Sujerentea bai. Lehenengo begi kolpe horretan, adin, jatorri, lanbide anitzeko emakumeak, onerako ala txarrerako, eguneko protagonista bihurtuta agertu zaizkit ; izan ere, periodikoko orrialde guzti guztiak, atal guzti guztiak, albiste ia denak ilustratzeko  emakumeen argazkiak aukeratu dituzte egun honetarako. Azken orrialdetako sexu iragarkietakoak barne, noski, horiek ere egun berezi hau ospatzea merezi bait dute!

Matxismoa adina gorrotatzen ditut paternalismoa eta zurikeria. Martxoaren 9ko eta hurrengo egunetako kazetetan aldiz, "normalitateari" heldu eta emakumeen argazkiek, emakumeei buruzko albisteek betiko tartea izan dute Bizkaiko egunkari nagusi horretan: hutsaren hurrengoa.

3.-  Jeiki berritan sakeleko telefonoaren WhatsAppeko mezuetan nagusi izan dira  zorion agurrak  familia, lagun artea, lankide taldeetako gizonen partetik. Irripar batez irakurri ditut guztiak, badakit asmo onekoak direla, maiatasunez idatziak, elkartasuna, begirunea, gure nahi eta borrokarekin bat egiten dutela adierazi nahi digutela. Horiekin batera nahastu dira familia, lagun eta lankide taldeetako emakumeek bidali dituztenak: more kolorekoak, erreibindikatzaileak, geure buruari gorespen egiten diotenak, borrokarako motiborik badagoela azpimarratzen dutenak, generoak batu egiten gaituela gogorarazten digutenak. Ez dut bat bera ere erantzun, deseroso sentiarazten nau horrenbesteko berotasunak.

4.- Barrua sutan ipini didate ditxosozko egunarekin batera barra-barra errepikatu dizkiguten datu zaparradek,  gizonezko eta emakumezkoen artekoa aukera desberdintasuna nabarmena dela adierazten dutenak: soldaten arteko aldea ( %23 txikiagoa da emakumearen lansaria), goimailako arduretara iristeko bideak aldatz gorakoagoak direla emakumearentzat (amatasunarekin batera emakumeen %47k karrera profesionala baztertu egiten du, gizonen %17k egiten du hori aita denean), goi karguetan dauden lau gizonen aurrean emakume bakarra aurkituko dugu, ez dagoela andrazkoon artean inoiz nolabaiteko eraso sexistarik jasan ez duenik, gazteenek ere eredu lotsagarri horiek errepikatzen dituztela (sextinga, internet bidezko jazarpenak, neskatilen hipersexualizazioa).

5.- Hainbat egun igaro dira aurreko lerroak idatzi nituenetik, martxoaren 8ak eragindako hainbat gogoeta eta niregan piztutako egonezinen inguruko hitzak dira, arrapaladan atera zaizkidanak, oka egiterakoan bezala bota ditudanak, nekeak eta haserreak eragindakoak. 

Egun batzu pasa dira eta baretu dira nire barruko urak, eta haserrea, nekea, nazkari beste sentimentu batzu garaitu zaizkie: esker ona eta miresmena. Nire aurretik izan ziren emakumeenganakoak. Ni gaur naizen emakumea izan ahal izateko, inolako saririk gabe ,lan egin zutenenganako esker ona; etxerako bizi zirenarren haize freskoa ekarri zidaten, emakume librea eta independientea izatera bultzatu ninduten. Haingatik guztiengatik nago emakume izateaz harro!

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa