Mary Rose Nicole

Erabiltzailearen aurpegia Aintzane Bolinaga 2017ko mai. 2a, 09:33

- Nola deitzen zara? Galdetu nion.

Mery Rous.

- Mary Rose, errepikatu nuen nik.

- Ez, ez,  Mery Rous. Berak.

- Mery Rous Nicol, zehaztu zuen amak.

Gorlizen daukagu elkarrizketa hau. Gure lagun min bat zaintzera etorri da Mariza, ama, Nikaraguatik. Senarrari jarraituz iritxi zen bertara, alaba jaioterrian utzita. Hiruzpalau urte bikote bilbotar edadetu bat artatzen eman ondoren, iazko udan lortu zuen senarrarekin batu eta orduan bederatzi urte zituen neskatoa Nikaraguatik Euskadira ekartzea. Familia elkartua azkenean! Geurean zeramatzaten urte horietan alaba hazten ikusi gabe bizi izan ziren senar emazteak. Nik joan den udazkenean, etorri berritan ezagutu nuen Mery Rous. Lotsatia, ixila, amaren alboan kuzkur geratzen zen, gaztelaniaz hitz eginarren kosta egiten zitzaion, antza, geure hizkerari jarraitzea...gure hizketaldiaren kadentzia, hitzen esan nahiak, hizketagaiak... denak ziren berri eta ezezagun beretzat. Gure galdeketa etengabeari hitz bakarrez erantzuten zion: Estás a gusto en la escuela? Sí. Tienes amigos? No .Te gusta esto? Bueno. Te gusta más Nicaragua? Si. Por qué? Galdera hau erantzunik gabe geratu da.

Gurasoak Euskadin beste batzuk zaintzen lanean zeuden bitartean aiton-amonen babespean egon da Mery Rous, Nicaraguako epeletan gusturago itsas ondoko herri hotz honetan baino. Hori aitortzea baina ez zen ausartu galdeketagilearen aurrean, erantzunak min emango zion beldurrez edo. Ikasia izango zuen etxean, apaltasuna eta diskrezioa ezinbestekoak direla beharrak bultzatuta besteren etxeetan sartzen zarenean, itxura ona eman beharra dagoela jaten ematen dizunaren aurrean.

Horiek guztiak ikasi ditu Mery Rousek geure artean. Azkenekoz ikusi nuenean kontakizun honen hasierako hizketalditxoa izan genuen, orain arteko ikas orduak nahikoa izan ditu euskaraz mintzatzeko. Jakina da umetan daukagula ezagutza guztiak zurrupatzeko ahalmen handiena baina ustekabean hartu ninduen nikaraguar neskatoaren naturaltasunak, bere buruarekiko konfidantzak, euskaraz hitz egiteko gogoak, nire sorpresa aurpegiak ematen zion pozak. Euskaraz egin genuen solasa, lagunak bazituela esan zidan, oso gustuko zuela Gorlizen bizitzea, Nikaraguaren oroitzapenak oraindik ere min ematen diola baina pozik bizi dela gurasoen ondoan. Korrikaren pegatina zeraman alkandorako poltsikoan itsatsita, gutako bat bihurtuta, euskara bihotzeraino bereganatuta, euskararen azken festako protagonista, bera ere, bihurtuta.

Mery Rousen amak gure arteko hizketaldian alabak esaten duena ez du batere ulertzen, baina pozik eta harro begiratzen dio. Eta txundituta, ikaratuta iritsi zen neskatila hura lur hotz honetan sustraitzen hasia dela ikusita. Euskarak lotu du bizitza berrira, bere hautua izan da. Mariza eta  Mery Rous buruan dauzkat eskola publikoan ikasle etorkin gehiegi dagoela salaketa moduan esaten dutenei entzuten diedanean, zenbait ikastetxe publiko neska mutil hauek biltzeko ghetto bihurtu omen dira eta kexu dira irakaskuntza publikoaren aldeko apustua egin eta euren semealaben hezkuntzan okerreko interferentziak eragiten omen dituztelako ikasle kanpotarrek. Mery Rous sei hilabetetan gai izan da euskara ikasi, ulertu eta erabiltzeko. Bere ahalegina ezinbestekoa izan da lorpen hori erdiesteko baina lagungarri izango zituen bere gurasoen konbentzimendua, alabak euskaldundu behar zueneko konbentzimendua, baita hezkuntza sistimak eskura ipini dizkion baliabideak ere eta aurrekoek adina garrantzia izango zuen, noski, inguruan aurkitu duen harrerak: eskolakide eta haien gurasoen laguntzak eta adiskidetasunak. Hesi eraikitzaileak hain present eta mehatxatzaile ditugun garai hauetan Mery Rous zorionekoa da Bizkaiko Gorlizen jende naturala aurkitu duelako.