Guzurra da umetan gustoko zendun danari helduagotan uko egiten deutsazuna. Txokolateak, lagunek, baloiak edo itsasoak bizitzearen dokumentalean iraungitze data barik dirauen fotogramen multzoa osotzen dabe. Hori bai, polboraz loitutako pixelak pantailatik desagertu dira.
Gaur egun kontrolik bako petardoek, gure nagusiak, ume txikiak, etxeko maskotak edo baserriko abereak astoratzen dabez. Benetako sufrimendua jasaten dabe batzuk. Zenbait txapliguren eraginez, urtero, dozenaka edukiontzik su hartzen dabe eta lantzean behin egurrezko estrukturea daben eraikinak kiskaltzen dira, azkanekoa Pasaian orain dala urte gitxi. Sinistuta nago tabernetan tabakoa erreteko joereagaz pasau zan moduan batzuen belarriak erdi-gortuten dabezan bolandera honeen erabilerea, epe ertainean mugatuko dala.
Gasteizen hasiak dira gabonzaharrean gehienez 15 minutuz baimendutako denborea ezarten. Ez dabe guztiz urte barriko astrapala zaratatsua etengo, baina tira, jendartea kontzientziatzea ez da gitxi. Bilboko udaletxean orain dala hiru aste izandako prentsa agerraldi baten kazetariok Tomas del Hierro zinegotziari Gasteizko ereduaz itaundu geuntsan. Neurria ezagutzen ez ebala esan baina aztertuko ebala adierazo euskun, interesgarria begitandu ei jakon. 2018ko Bilboko hasierako 15 minutuen zain geratuko gara. Serpentinak, bengalak ta konfeti koloretsuak amets, zaraten eta burrunbaden uriola norberak erabagitako eremu pribaduan lotu daitela.