Mosu urdinaren onurak

Erabiltzailearen aurpegia Alfre Elgezabal 2017ko mai. 8a, 10:42

Edozelango indarkeriak eragindako tentsino handiko momentuetan edo giza eskubideen bortxaketa jakin baten ondorioz amorruak gure arimea iruntsi dauenean orain gitxi ezagutu dodan mosu urdinak botika lez funtzionau leike. Jordi Sierra i Fabra nerabezaroan jarraitzen neban idazlea zan baina oraintsu uleurdinontzat istorio bikainak sortzen dauzela deskubridu dot.

Bere azkeneko eleberrian Sierra i Frabak 1937an Espainiako herri txiki baten fusilautzat emoten daben gizon baten nondik norakoak batzen dauz. Hildakotzat joten ebena, hobi komunetik ihes egitea lortu eta makina bat herrialdetan egon ostean, danen harridurarako, 1977an Espainiako herri txiki horretara itzuliko da. Rogeliok , 40 urte horreetako pasarte gordin batzutan, mosu urdina arnasgune bezala aitatzen dau. Garcia Lorcak idatzitako olerki batetik bere burura hegaz doan mosu urdina.

Indarkeriaren hauspoari esker sortutako ikarak, gorrotoak eta jazarpenak askotan kolpatu gaitue. Aste honeetan Bizkaiko herri ugaritan (Gernika, Durango, Otxandio…) 1937an faxismoak eragin ebana gogoratzen gabilz. Gerra eta gudaostea bizi ebenek euren seme-alabei ez eutsien gertatutakoa bere osotasunean kontau (bildurrak eraginda noski) eta horrek familian oharkabean pasetan diran ondorio psikologikoak eragin dauz. Belaunaldien arteko trasmisioan isiltasun handia egon da. Helduenetatik txikienetara salto eginda asko dago ondino egiteko. 80 urteren ostean memoria landu eta landu ari gara baina Gernikako Bakearen Museoko zuzendariaren berbetan gure nerabe gehienek gaur egun oso gitxi dakie gerra zibilari buruz.

Baionan gertatutakoak poztasuna eta itxaropena zabaldu dauz herri honetan. ETAk armabakotzea iragarri ebanean ziur nago gatazka armaduaren ondorioak lubaki desbardinetan jasan dabezanek mosu urdinaren ferekaren bat edo beste igerriko ebela. ETAk 2002an nire etxearen ondotik pasetan zan zinegotzi baten kontra jarritako lehergailu batek gure eraikineko etxebizitza guztiak suntsitu ebazan eta urte t’erdi emon gendun gure etxera bueltau ezinik. Gaur egun nire senitarteko batek, dispertsioaren madarikazinoa jasaten dau, ehundaka kilometro egin behar dauz Parisen preso daukan nebea ikusi ahal izateko. Herri honetako etxe ugaritan antzeko egoerak biziko ziran eta ondino batzuetan biziko dira.

Giza eskubideen edozein bortxaketaren ostean alkarbizitzea bermatzeko  egiaren ezagutzea, denborea eta enpatia behar dira. Geurean, leku askotan, pausu honeen kimuak igerten hasita nago. Asun Lasak orain dala egun gitxi Amnistia Internacional-ek deitutako prentsa agerraldi baten honakoa esaten eustan: “enpatia da bide bakarra”. Enpatia eta mosu urdina.