Euskal arrantzaleak Islandiako ipar-mendebaldeko fiordoetara baleak harrapetako asmoz heldu ziran. Sasoi hartako agintari islandiarrek Danimarkako erregeari zor eutsen merkataritza konpromisoagaitik euskal arrantzale hareek hilteko agindua emon eben. Hori gertatu aurretik euskal arrantzaleak Islandiako lurretan dozenaka urte emon ebezan eta Ternuan gertatu zan antzera euskerak hantxe bere aztarnea laga eban.
Baina kontu honeek historiaren txatal bat dira, 2017ra begiratuta Islandia baleen arrantzaleak, Björk edo krisi ekonomikoa modu eredugarrian gainditu dauen herrialdea baino gehiago da. Naturak herrialde honetan glaziar erraldoien, ia zeruraino heltzen diran ur-jausien, zizelkatutako amildegien edo borborka dabilzan sumendien bitartez bere muturreko edertasuna erakusten deusku ta aho bete hortz lotzen gara. 30 sumendi baino gehiago topau geinkez (batzuk glaziarren azpian ostonduta eztanda egiteko prest). Ehundaka geysir-ek erakusten dabe gure planetako lekuren baten Amalurra bizirik badago leku hori Islandia dala. Momentu honetan 24 orduz argia baino ez da ikusten, gaueko 00:00etako eguzkiak neguko eguerdi ilunetako auroren lekua hartzen dau eta ezin dogu ahaztu lurralde osoaren %11 izotza dala. Aldaketa klimatikoaren ondorioz zoritxarrez glaziarrek nabarmen egin dabe atzera eta Ipar Poloan urtzen dabilzan izotz plaka handien ondorioz hartz polar batzuk be heldu dira Islandiako lurretara.
Orain dala ez urte asko krisi ekonomikoak eraginda bankuak eta islandiar askoren patrikak izoztuta be lotu ziran. Halan da be, kasu honetan, gobernuak bere osotasunean dimitidu eban (hemen holakorik gertatzea pentsaezina da). Krisiari modu duinago baten aurre egiteko modua haratago joan zan eta ez zan diru publikorik erabili bankuak erreskatetako. Islandiako 3 banku handienek porrot egin eben eta Reickjavikeko gobernuak bere finantza sitema berregituratzeari ekin eutsan. Lehenetasunak aldatu ziran.
Islandia munduan 2016an turismo hazkunderik handiena izan dauen bigarren herrialdea izan da eta horrek be ekonomiari bultzada handia emon deutso. Uriburutik kanpoko biztanleriaren gehiengoa nekazal eremu zoragarrietan bizi da milaka ardi zaintzen. Turismoaren igoerak ardi horreen artilearen merkadua areagotu dau, koloretako grekadun artilez egindako jertse islandiarren salmentek gora egin dabelako nabarmen. Suitza edo Norbegia lez Islandia Europar Batasunetik kanpo dago, halan da be kultura aldetik EBko herrialde askotan baino jendarte aberatsagoa topau geinke hantxe, heldutasun handiagokoa. Munduan biztanleko idazlerik edo musikaririk gehien daukazan herrialdea derrigor ezagutu beharra dago.