Marijaia Portugaleteko jaien ostean dator eta lantzean behin Ezkerraldeko moiletatik ule misteriotsuen andra hori itsasontziek lagunduta itsasadarrean gora eroan dabe. San Rokeak amaitu eta jaigiroan murgilduta jarraitzeko egarri bizian 90ko hamarkadan Gas Plazako musika kontzertuetara hurreratzen nintzan koadrilako lagunakaz. Manu Chao edo Negu Gorriak taldeen zuzenekoez gozetan. Jairik jai ibilten ziran punkien garai horretan titanioz jantziko zan Bilbo jaio barik egoan ondino.
2001ean irratian beharrean hasi nintzan eta arratsaldetan egiten gendun saioaren ostean lagunakaz parrandan urteteko erea egoan, hurrengo egunean arratsaldeko hirurak arte ez zalako lan jarduna hasten. RENFEko trenak eroaten gintuen askotan bueltan etxera behin txoznak itxita.
Askatasuna, laguntasuna, katxiak, bokatak, musuak, kontzertuak, dantza… Dana plazerra 27 urtegaz Portugalete laga eta Zazpi Kaleetan dagoan Unamuno plazara biziten joan nintzan arte. Hortxe hasi ziran zaratak, egonezak, Aste Nagusia munduko beste puntan emoteko gogoak… Egunero su-artifizialen ordua kalkulau beharra egoan inguruko kaleak sarratzen ziralako ta auzokideok be galazota geunkalako kale horreetatik ibiltea gure etxera sartzeko bazan be. Plazan arratsaldero 4 orduko ikuskizuna egiten eban malabarista argentinarra nire etxeko gelan pisukide neukala emoten eban. Argentinar gehienak ez dira isilak izaten.
Bilboko jaiak urterik urte, danon onerako, hobetuz doaz eta hori hein handi baten Jai Batzordeari esker dala pentsetan dot. Udaleko langileek daukien konpromisoagaitik baina batez be Konpartsek erakusten daben sorkuntza eta etenik bako ilusinoagaitik. Adin eta gustu desbardineko pertsonendako ekitaldiek, jarrerek eta proposamenek Bilboko Aste Nagusiaren egitarau mamintsua osotu dabe beste behin.
Jaiak gure jendartearen eta kulturaren adierazle handiak dira eta honeetan be lantzean behin era bateko edo besteko askatasunak mugatzen dira. Ta ez daust balio “norberaren askatasuna ondokoarena hasten dan lekuan amaitzen da” esateak ekintza, erabagi edo ohitura jakin batzuk babesteko. Emakumeek erasorik ez jasateko daben eskubidea, zezenek hilarteko tratu txarrik ez jasateko daben eskubidea eta adierazpen askatasuna ezin dira kolokan jarri.
Egoera honeetatik haratago Aste Nagusia beti izango dogu maitasunaren irudiko. Beragaz kontaktua hasi barritan akaburik bako pasinoa, hartuemona sendotzen dan bitartean hitzordura agertzeko irrika eta heldutasunera heltzean Marijaiaren laztana. Gozatu dagigun ba!