Badira bizirauteko makina bat baliabide, gakoa egokiena zein dan hautatzean dago. Labayru edota Ahotsak proiektuek Euskal Herriko ahozko ondarea batzen dabe. Nekaezinak dira eta herririk herri gure antxinako ohituren ezagupenak bizirik jarraitu dagian lan handia egiten dabe. Eurek gure nagusiei grabautako bideoei esker jakingo dogu XXgarren mendearen hasieran be, orain dala 80-90 urte inguru, gure baserri askotan kalabazak hustu egiten zirala. Sasoi horretako mutil askok labana bat erabilita soloko produktuari zuloak egiten eutsezan, kalabazea neskatoei bidurra eragingo eutsen aurpegi bihurtuz.
Beste baserri batzutan, gaurko egunez, kandela batek argitzen eban kalabazea baserriko ate nagusiaren aurrean izten zan. Helburua arbasoen ispirituei etxerako bidea erakustea zan. Gaur hau guztia gogorarazoten dabezan irudiak ikusi beharrean ETBko eguerdiko albistegian Donald Trump mozorratutako umeei gozokiak banatzen ikusi dot.
Carles Puigdemont be ikusi dot gaur, bizirik jarraitzeko daukazan aukerez baliatzen. Itzela askori komunikazinoaren aldetik emon deutsen lezinoa. "Ez naz Belgikara etorri, Europako uriburura etorri naz. Guk A21eko emaitzak errespetauko doguz, Espainiako gobernuak bardin egingo ete dau? Maza fiskalak terroristentzat eskatzen dan zigorra baino zigor gogorragoa eskatzen dau Govern-aren kontra". Diskurtsoak edo kontakizunak indarkeria baino baliogarriagoak begitantzen jataz gaur egungo gatazken korapiloak askatzeko. Kontakizunik onenaren lehian Carlesek gaur Mariano, Pedro eta Albert leloen pare laga dauz Europako komunikabide nagusien aurrean.
Hori bai, 155garren artikulua, Merkel ta Macronen utzikeria, Jordi bien espetxeratzea, eguenerako Forcadell ta bere mahaikideei Gorenak deklaretan joateko egin deutsen deia... Kalabaza ugari argitu beharko dauz Puigdemonten kandelak. Garrantzitsuena kandelak piztuta jarritzen dauela. Hilik ez dagoana beti dalako itxaropenaren iturri.