Oltzako atzeko hormea haizea zan, gari beilegiak zeru urdinagaz bat egitean sortutako benetako margolana. Margolan musikatua. Musikea pinturea balitz Bilboko Guggenheim eta Arte Ederretako museoak txiki geratuko litzatekez azken hamarkadetan euskal musika taldeek laga deuskuen uzta behar dan moduan ikustarazoteko.
Sasoiak aldatu dira baina gurean sortutako rock, pop, punk, folk edota trikitrixak biziraun dabe, zelan gainera! Euskal Herriko musika ekoizpenaren barruan euskeraz sortzen dan kopurua %42tik %50erako saltoa emon dau eta goruntz darrai. Euskeraz sortzen daben askok eta askok nazinoartean be dabilz: Zea Mays, Berritxarrak, Fermin Muguruza, Delorean, Korrontzi, Esne Beltza, Vendetta… Ez dakit hizkuntza gitxituen munduan hizkuntzaren batek euskerak beste musika talde edukiko ete dauzen.
Auzolana honakoan be garrantzitsua izan da. Musikariak, musikariei letrak idatzi deutsiezan euskal idazleak, aretoak, disketxeak, komunikabideak, erakundeak… Ñabardurak ñabardura hari desbardinakaz jositako sareak bere fruituak emon dauz. Haria ez daitela eten eta beude hor guzti guztiak.
Guzti honeen artean Berritxarrak musika taldeak inork gitxik eskuratutako lorpen arraro bat erdietsi dau. Makina bat urtez mundu honetan lanean fin jardun ostean jarrera umila mantendu, sorkuntza freskoa bermatu eta mezu ugariz betetako abestiak sortzearena alegia. Eta hori gitxi balitz azkeneko lanetan rock-ean, metal-ean edo pop-ean konpleju barik eta itzel aritu dira. Guzti honi, munduan zehar kontzerturik gehien joten dauen euskal taldea dala gehitu behar jako.
Baita Euskal Herrian euskeraz abesten daben taldeen artean zuzeneko kontzertu batera zaleturik gehien erakarten dauzen taldearen izendapena irabazita daukala be. Eten barik ohiko aretoetan lortutako sold out-ez jabetuta martiaren 17an BEC-en zuzenekoa eskeintzea ebatzi dabe. Berritxarrak gaur egungo euskal musikearen hondar ale handi bat da baina zorionez musika notakaz betetako hondartza honetan ale emankorrik ez da falta.