Orain sei kotxe sartzen diran lekuan 1980an bederatzi sartzen ziran (autoak txikiagoak ziran). Denboran atzerago eginda XX. mendearen hasieran ez egoan kotxerik eta Bizkaia Zubia gurutatzen zamadun astoak ebilzan baita gurdiak garraiatzen ebezan mandoak be.
Aurton 125 urte beteko dauzen burdinezko erraldoia 1893an Europan sortutako mota honetako lehenbiziko zubia izan zan, Iñaki Goiogana historialariak esaten dauen moduan New Yorken edo Parisen eregita izan balitz hango monumentu handien adinako ospea edukiko leukena. Hamarkadetan zehar Uribe Kostako nekazariek euren soloetako produktuak Portugaleteko plazara eroateko baliatu daben zubi bera, gaur egun milaka turisten Instagram kontuetan ikusi geinke. Horreetariko biseradun asko Bilbotik edo Getxoko moilara heltzen diran itsas-bidaietako turistez betetako ontzitzarretatik hurreratzen dira. Batzuk, zubiaren aurrean, Donejakue bidea egiten daben erromesakaz nahastau egiten dira eta bapatean Antonio Gezalaren margo baten barruan gagozala emoten dau.
Europako industria ondare ikusgarrienetarikoa danak garraio fisikoaren funtzinoaren ganetik benetako zubi lana egin dau, zuria eta baltza lez, guztiz desbardinak diran soka bereko hari muturrak hurreratuta. Urteetan Neguri edo Areetako oligarkia eta Ezkerraldeko langile klasea maila berean ipini dauzen garraiobidea izan da. Getxoko señorito eta señorita ugari Portugaleteko Orube Plazako dantzaldietara joan izan da. Bestalde, gaur egun be, goizeko 07:00etatik 08:00etara zubi esekia Portugaletetik Areetara zeharkatzen badogu Getxoko etxe dotoreetara garbiketa, zaintza eta sukalde lanetara doazen ehun andrazko baino gehiagogaz egingo dogu bidaia hori.
Zorionak Bizkaia Zubiari! Urte osoan zehar 125. urteurrena ospatzeko ekitaldi ugari egongo da eta horreetan euskerea be ohiko hizkuntzea izatea espero dot. Orain arte desira hau ume moko baten ametsa baino ez da izan, adibide bi:El Transbordador de Vizcaya S.L enpresak bere izenean 2018. urtean Espainiar Estaduan ofiziala ez dan Vizcaya berbea erabilten dau eta hau gitxi balitz euskeraz lan egiten dogun ikusentzunezko komunikabideok Bizkaia Zubikoei ezin izan deutsegu 125. urteurrenari buruzko alkarrizketarik egin, antza enpresa osoan ez dago hedabide honeei ganorazko erantzunak euskeraz emoteko ordezkaririk. Beste hizkuntzetan pas problem ondino batzuendako euskerea periferietako hizkuntzea dalako. Egin deiogun jaramon Sustrai Colinak BECeko finalean kantautakoari eta kosta ala kosta eta danon artean bihurtu daigun periferia erdigune. Kolore eta ertz asko daukazan periferien gaiari hurrengo baten helduko deutsat sakonago, baina hori burdinezko beste zubi batzuk zeharkatuta izango da.