Benita Arregi Garitagoitia (amama Beni) Mallabiko Galarraga baserrian jaio zan. Errepublikako Gobernuak maistra tituloa aitortu eutsan eta urteak emon ebazan Bizkaiko antxinako eskoletan sasoi hareko umeei zelan irakurri eta zelan idatzi irakasten. Eskolarik eskola, batzutan astoz, Busturialdetik Enkarterrira.
Nire bizitzearen 37 urteko ibilbidean beste ereduak kritikau barik euskal eskola publikoaren groupie sutsua nazela konturatu naz. Hori horrela izatearen lobby nagusietariko batzuk 80ko hamarkadan Portugaleteko Kanpazar Ikastetxean ezagutu nebazan, Itziar Redondo eta Maria Angeles Zaitegi andereñoak izan ziran. Curriculumetatik haratago euren gizatasun, hurbiltasun, zorroztasun, baikortasun eta maitasunetik motibetako eukien gaitasuna oharkabean jasoten gendun oparia zan. Udako kolonietan altxorraren bila jarten gintuezan taldeka, guk geuk altxorra gelan gugaz egunero geunkala jakin barik. Maria Angeles orain dala urte gitxi gure artetik joan zan eta joan dan astean Itziar Redondok laga gaitu. Txikitasunean handi eta handitasunean umil. Gugaz lotzen dana, euren legadua da, andereñoen ondarea.