1986. urteaz geroztik Sader enpresak eta Profersa haren enpresa bikiak lanean dihardute Bilboko hirigunean, material arriskutsuak prozesatuz eta ongarri kimikoak produzituz. Ia berrogei urte ke txarrak airera botatzen, batez ere Zorrotza, Deustuko Erribera eta San Ignazio-Elorrieta auzoak eraginpean hartzen dituen hiri-ingurunean. Milaka pertsonak arnastu dituzte ke txar horien emisioak hogeita hemezortzi urtez, gau eta egun.
Zorionez, urte hauetan guztietan, gizarte-borroka ugariren ondoren, eta baita gertatutako zenbait industria-hondamendi handiren ondorioz ere, ingurumen-legeriak aurrera egin du, eta mota horretako enpresa kimikoak ezin dira gaur egun herriguneen barruan instalatu.
Zentzu horretan, badakigu jadanik Sader eta Profersa enpresak Bilbotik aterako direla, baina inork ez daki ziur noiz egingo duten. Horregatik, eta gure hirian jarraitzen duten bitartean, aurrerapauso zehatz batzuk eman behar dira istripuak prebenitzearen eta hondamendi-arriskuak murriztearen arloan.
Logika oso sinplea da, sendatu aurretik prebenitzea, ezer deitoratu baino lehen aurrea hartzea. Hiri baten barruan diharduten bi enpresa kimikoz ari gara, eta, hori horrela, erakunde publiko arduradunek posible diren neurri guztiak hartu beharko lituzkete istripuak gertatu aurretik saihesteko. Kudeaketa publikoan, funtsezkoa da aurrea hartzearen garrantzia egoera bat kalte konponezinak eraginez soluziorik gabe okerragotzea saihesteko.
Horrela, Sader eta Profersa enpresen kasuan, haien ke txarrek Bilbon dirauten honetan, amaierarik gabeko itxaronaldi honetan, udalak, hurbileneko erakundea denez, posible den guztia eta gehiago egin beharko luke enpresa horiek ondorio larriak izan ditzakeen istripu bat eragin ez dezaten.
Zorrotza auzora hurbiltzearekin soilik erraz egiaztatu daiteke bi enpresen instalazioek duten narriadura-egoera. Logikoa, interes soil-soilik ekonomizista batetik begiratuta; zer enpresak inbertitu nahiko du nahitaez itxi beharko diren instalazio batzuetan? Horrexegatik, enpresa horietako arduradunak zerbait egitera behartzeko, bi istripu gertatu behar izan dira Profersa enpresan, eta Eusko Jaurlaritzak kasuan esku hartzea eragin zuen horrek, enpresaren instalazioak aldi baterako itxiz. Ez dago zalantzarik zenbait enpresaburu berandu baino ez direla mugitzen, eta betiere Administrazioaren mehatxupean edo zigorpean. Baina arazoa zera da, erdian pertsonak, langileak eta bertan bizi direnak daudela enpresa horien arriskuen esposiziopean.
Horrenbestez, arduradun politikoek ahal duten guztia egin beharko lukete arriskuak minimizatzeko eta hurbilen dauden auzoetako herritarrek sute bat, leherketa bat edo ihes toxiko bat izanez gero nola jokatu behar duten jakin dezaten ziurtatzeko. Izan ere, istripu horiek gertatu dira jada, eta gertatu zirenean argi geratu zen halaber erantzun instituzionalak hobekuntza-marjina duela herritarrei eskaintzen zaien informazioren koordinazioari dagokionez.
Ildo horretan, komeni da jakitea Sader eta Profersa enpresak Bizkaiko Enpresa Kimikoen Elkarteko kide direla eta elkarte horrek “Segurtasun Kimikoa” izeneko informazio-proiektu bat duela. Eta, gure ustez, proiektu horretan sartzen saiatu beharko ginateke udalerri gisa; izan ere, proiektuaren helburu nagusia enpresa kimikoak dituzten herrietako herritarrei gertatu daitezkeen industria-larrialdien aurrean izan beharreko babesaren inguruan informazioa ematea da. Dei bat. Maiatzeko udalbatzan Udal Gobernuari eskatu genion elkarte horrekin harremanetan jarri zedila elkartean sartzeko dauden aukerak aztertzeko, hemen hondakin arriskutsuekin eta ongarri kimikoekin lan egiten duten bi enpresa kimikorekin batera bizi garela aprobetxatuz.
Sader eta Profersa enpresek Bilbon lanean jarraitzen duten bitartean, txarra al da Bizkaiko Enpresa Kimikoen Elkartearekin harremanetan jartzea elkartearen proiektuan udal gisa sartzeko ditugun aukerak aztertzeko? Ez dakigu; baina badakigu Udal Gobernuak berriz ere aurka bozkatu zuela, prebentzioaren bidean pausoak emateari uko eginez.
Azken batean, amaierarik gabeko itxaronaldi honetan, espero dugun gauza bakarra Bilboko industria kimikoaren bi erlikia horien instalazioetan ezer ez gertatzea da. Baina gu ez gara besoak uztartuta geratuko eta lanean jarraituko dugu Agaleus Bilbon dagoen bitartean aurrerapausoak emanez prebentzioko eta babeseko udal-erremintak hobetzearren gertatu litezkeen industria-istripuei erantzuteko.