Etxegabetze ilegala San Frantzisko auzoan

Erabiltzailearen aurpegia AZET 2022ko aza. 28a, 10:40

Azaroaren 25ean, Bilboko Udaltzaingoak ilegalki eta biolentziaz desalojatu zuen Sanfrantzisko auzoko bizilaguna den sindikatuko kide bat. Kide hori San Frantzisko kaleko 18. zenbakian bizi zen, Blackstone funts putrearen jabetza den etxean. Atzo, beste behin, ikusi ahal izan genuen Bilboko Udalak nola uzten dituen kale gorrian auzokideak, geroz eta etxebizitza gehiago uzteko espekulatzaile handien eskuetan.

Ondokoak izan ziren gertakizunak: atzo, arratsaldeko 17:00etan, uniformez jantzitako matoi talde batek gure kidearen etxeko atea bota zuten, Bilboko Udalaren aginduz; kidea identifikatu eta kale gorrian utzi zuten. Argi dugu esku-hartze terrorista hau Bilboko Udalak aurrera daraman pobreen aurkako gerraren baitan kokatzen dela, eta zehazki, egoera zaurgarrienean aurkitzen diren horien aurkako gerraren baitan, gazte migratzaileen aurkako gerran, zehazki. Atzoko desalojoa klase arteko gerraren baitako ekintza baita, baina ez hori bakarrik: arrazakeria instituzional eta supremazismo polizial ekintza ere bada. Parean pertsona arabiar bat aurkitu izan ez balute, ez lukete hainbesteko segurtasunez eta zigorgabetasunez jardungo, hori oso argi dugu.

San Frantzisko auzoan, etxebizitza arazoa infernu bilakatzen ari da desjabetuontzat. Inbertitzaile handiek eta funts putreek auzo honetan aurkitu dute "urrezko arrautzak erruten dituen oiloa". Duela urte batzuetatik hona, ikusten ari gara nola pasatzen diren geroz eta etxebizitza gehiago subjektu hauen jabetza izatera, eta ondorioz, nola uzten dituzten geroz eta bizilagun gehiago kalean. Soilik azken hilabeteak kontutan hartuta, badakigu gutxienez hiru etxegabetze eman direla San Frantzisko auzoan, eta dozenaka pertsona beren bizitokitik kanporatu dituztela Global Pantelaria edo Balckstone bezalako funts putreek. Higiezinen sektoreko munstroa den Blackstone-n kasua eskandalagarrietan eskandalagarrienetarikoa da, zer esanik ez krisi eta langile klasearen pobretze garaiotan: bere higiezinen ondareak 320.000 milioi dolarreko balioa dauka, eta Espainiako Estatuan milaka etxebizitza ditu; are, helburu espekulatzaileekin kudeatzen ditu formalki estatuaren jabetzakoak diren hainbat etxebizitza, Sareb kasu ezagunarekin egiten duten bezala, adibidez. Bere ondarea etengabe ari da hazten, eta era berean, etengabe ari da hazten jendilaje honen interesengatik etxerik gabe geratzen ari den pertsona kopurua.

Horixe dugu atzoko etxegabetzearen lehen erantzulea: Blackstone funts putrea, gure auzoak erosten eta gure miseriarekin irabaziak ateratzen ari den putre sarraskijalea.

Baina atzoko etxegabetzearen egiazko erantzule politikoa Bilboko Udala da: bere Udaltzaingoa izan zen gure kidearen etxeko atean aurkeztu zena, matoi taldea bailitzan. Beraiek izan ziren, aurrean zeukatena pertsona gazte eta migratzailea zela ikustean, gure kidea kaleratzeko legeak nahieran hautsi zituztenak; nazi koadrila baten biolentzia berarekin. Beraiek izan ziren agindu judizialik gabe, irekitako prozedurarik gabe, modu biolento eta kriminalen atea ostikadaka botatzea erabaki zutenak, zeren "zer axola dio, moro bat gehiago kalean".

Zentzu horretan, Bilboko Udala interpelatzen dugu etxegabetze honen erantzule politiko gisa. Eta horregatik, Udalari gure kidearentzako aterabidea eta alternatiba habitazionala exijitzen dizkiogu, uneotan kale gorrian aurkitzen baita.

INDARREZ KENDU DIGUZUEN DEN-DENA BERRESKURATZERA GOAZ! ETA EZ DUGU AMORERIK EMANGO LORTU ARTE!

BEREN JABETZAK EDO GURE BIZITZAK, EZ DAGO ERDIBIDERIK!