HMNDK ETXERA: “Gure boloetako giroa osasuntsua eta polita dela uste dugu, horregatik sortu genuen proiektua”

Erabiltzailearen aurpegia Prest! aldizkaria

None
None
None
None
None

HMNDK ETXERA taldea 2023ko urrian jaio zen, ustekabeko proposamen bati esker. Txikitatik lagunak eta kuadrillakoak dira taldea osatzen duten lau neskak, nahiz eta orain bat kanpora bizitzera joan den. Olatz, Irati, Maider eta Ane deustuarrek dioten bezala, DJak baino gehiago, animazio soziokulturaleko taldea dira. Ez dituzte abesti nahasketak egiten, baina jai herrikoiak erritmoz betetzen dituzte musika eta dantzekin. Zintzotasunez aritu gara taldearen sorreraren eta haien ikuskizunen dinamikaren inguruan.

Zergatik sortu zenuten taldea?

Ez zen gure ideia izan. Aguraineko jai batzuen harira gertatu zen: kontzertuak lotuta zeuden, eta gu lagun batzuekin joatekoak ginen. Lagunek esan ziguten DJ batek kale egin ziela eta ea tarte hori bete nahi genuen: musika jarri, mozorrotu eta gure parranda oholtza gainean jarraitzea zen ideia. Inork ezagutzen ez gintuenez, baietz esan genien. Instagram kontu bat irekitzeko ere eskatu ziguten, kartela partekatzeko eta jendeak jakin zezan nor ginen. Handik eta egun batzuetara, hainbat jai batzordetatik idazten hasi zitzaizkigun eta, hasieran ezetz esan genuen arren, Agurainen egon ostean, proiektuarekin jarraitzea erabaki genuen.

Nondik dator HMNDK ETXERA izena?

Gure kuadrillaren izena Hemendik At da, bere garaian taldea pila bat entzuten genuelako. Gerora, Topaguneetan galdetzen zigutenean zein talde itzultzea nahi genuen, beti Hemendik At! esaten genuen. Bada, kuadrillaren izena hori denez, neskak batu ginen eta HMNDK ETXERA izena jarri genion taldeari. Horrez gain, beti berandu jotzen dugunez, “ba hemendik etxera, edo ez”. Izena gure kuadrillarentzako keinu bat dela esan daiteke.

Zenbat zarete taldean?

Lau gara, kuadrillako neskak, baina justu aurten bat Australiara  joan zaigu bizitzera. Orain hiru gabiltza, eta batzuetan Maider Silvari laguntza eskatzen diogu. Azkenaldian askotan etorri da. Gerora, Deustualdean edo inguruan jotzen dugunean jendea igotzera gonbidatzen dugu, eta honela gehiago gara oholtza gainean. Berez, lau gara, baina moldaketekin).

Nolakoa da zuen emanaldien dinamika? Zer egiten duzue horietan?

Lehen abesti bat genuen emanaldia hasteko, baina “kutrea” zelakoan kendu dugu. Normalean playlist bat prestatzen dugu eta kanten ordena ezartzen dugu gutxi gorabehera. Horrez gain, dantzaren bat dugu prestatuta, baina asko inprobisatzen dugu: dinamika musika jartzea da, baina ondo pasatu bitartean. Bertan daudenei kantak eskatzeko esaten diegu, eta herriaren eta giroaren arabera ere abesti bat edo beste hautatzen goaz.

Musika aukeratzerakoan, zer estilo edo giro bilatzen duzue?

Denetarik jartzen dugu: “patxangeo” apur bat, jaietako musika, euskal musika… Gu oso parrandazaleak gara eta jartzen ditugun abestiak parrandan entzutea gustatzen zaizkigunak dira, betiere jai herrikoien izaera mantenduz. Gerora, kantak eskatzen dizkigutenean iragazki modukoa jartzen dugu, emanaldia ez dadin diskoteka bihurtu. Egia da, zenbat eta beranduago egin, orduan eta apalagoa dela iragazkia, baina benetan saiatzen gara.

Zuentzat garrantzitsua da euskal musikari lekua ematea?

Bai. Beti ahalegintzen gara euskal musikari lekua ematen. Gaur egun ez hainbeste, baina egia da lehen euskal musika lotzen zela trikitixarekin, euskal dantzekin... Orain parrandan irteteko abesti gehiago daudela uste dugu, biziagoak-edo direnak. Horiei espazio bat ematen ahalegintzen gara, jendeak ikus dezan euskal musikarekin ere goizeko hirurak arte atera daitekeela. Horrez gain, guk egindakoak ez diren arren, gaur egungo nahasketak dituzten euskal abesti zaharrak ere jartzen ditugu.

Zergatik aukeratu zenuten pantera estanpatua zuen zeinu pertsonal gisa?

Argi genuen erakargarria eta “gurea” izango zen zerbait erabili nahi genuela. Berez, oholtza gainean tuntunarena egiteko zerbait nahi genuen. Beraz, laurei gustatzen zaigun zerbait bilatzen hasi ginen eta pantera estanpatua etorri zitzaigun burura. Orobat, publikoaren artean beti ikusten da estanpatua, eta haiekin konektatzeko ere balio izan digu. Noizbait panteraz jantzita doazen guztiak oholtza gainera gonbidatu ditugu eta jende asko igo da. Hortaz, hasieran gure pantera arropa erabili genuen ikuskizunetarako eta aurrerago txanoak erosi genituen.

Zer sentitzen duzue oholtza gainean jendaurrean zaudetenean?

Hasieran txantxetan-edo hasi ginenez, urduriago jartzen ginen. Ostean, zenbat eta saio gehiago izan, orduan eta indar gehiago hartu dugu. Hala ere, aipatutakoa: ikuskizuna gure parranda oholtza gainera eramatea da, eta konplizitatea dugunez, ez zaigu zaila egiten. Gainera, publikoaren erantzuna orokorrean oso positiboa izaten da. Horri esker indarra hartzen dugu eta, horrez gain, goizeko ordu biak izanda zaila da publikoak dantzarik ez egitea. Giroak asko laguntzen gaitu.

Zer gomendatuko zenioke halako proiektu bat hasi nahi duen gazte bati?

Azken finean, konfiantzazko jendearekin elkartzea. Eszenatokira igotzeak gerora ez du hainbesteko bertigoa ematen: ondo pasatzen baduzu eta behean egingo zenukeena goian eginez gero, dibertigarria da. Kontua da irekitzea eta ondo pasatzeko egitea. Gainera, gure boloetako giroa osasuntsua eta polita dela uste dugu, horregatik sortu genuen proiektua. Bada, argi izan behar da non jo nahi duzun, eta zergatik, beti balore batzuen pean. Azkenean, egiten duzuna egiten duzula, normalean jendeak jarraitzen zaitu eta erraza da disfrutatzea. Disfrutatuz egiten baduzu, gainontzekoek ere disfrutatzen dute.

Aurten, Deustuko Jaietan egon zarete lehenengo aldiz. Zelan joan zen? Berezia izan zen zuentzat?

Bai, oso berezia. Deustu gure herria da, eta gure jai batzordeak bileretan gure izena bota izanak  ilusio handia egiten digu. Lagunak eta familia hor egon ziren eta larunbatean jaietako eszenatoki nagusian egon izana opari bat izan zen guretzat. Hasieran behean egon ginen parrandan eta apur bat arinago sartu ginen eszenatokiaren atzealdean, beti bezala prestatzeko. Bertara sartu ginenean ez zegoen hainbeste jende, eta eguraldia oso kaxkarra zen. Izan ere, eszenatokira igo ginenean jendez gainezka zegoen guztia: azken txosnaraino ikusten zen jendea. Gaztetatik erreferentetzat ditugun taldeak ikusi ditugu espazio hori betetzen, eta orain gu geunden hor. Errespetu pixka bat eman zigun Deustun eszenatokira igotzeak, baina boloa sekulakoa izan zen.

Emanaldi gehiago dituzue hitzartuta?

Bai. Orain pixka bat lasaitu gara, ondo pasatzeko eta batera egoteko jotzen dugulako, baina ezin gara astebururo honetan aritu. Hortaz, beste batzuetan baino hitzordu gutxiago ditugu. Izan ere, apirilean Gernikan egon gara, maiatzean Usansolon eta Derion, eta ekainean Judimendin, Gasteizen. Ostean, uda dator eta etenaldia egingo dugu. Ez dugu ahaztu nahi proiektu hau ondo pasatzeko dela, eta guretzako denbora ere behar dugu. Hortaz, eskakizunen bati uko egin diogu, lasaitasunez ibiltzeko edo benetan ezin dugulako.

 

SAKONEAN

Emakume gazte euskaldunez osatutako taldea izatean, nolabaiteko ardura sentitzen duzue?

Ardura sentitu bai, baina indarrez hartzen dugu. Azkenean lau emakume gara eta argi dugu lau gizonek baino presio handiagoa dugula. Hala ere, buelta ematen diogu eta gogotsuago ateratzen gara eszenatokira. Beti aldarrikatzen dugu hori gure espazioa dela eta espazio seguru ere bilakatuko dugula. Beraz, ez da ardura negatiboa, guk positiboki hartzen dugu, eta denborarekin gure lekua egiten joan gara.

Proiektuari esker aspektu pertsonalen batean hobekuntzarik nabaritu duzue?

(Ane) Niri harremanak egitera lagundu dit. Jende asko ezagutzen dugunez, irekiagoa izateko aukera eman dit. Horri esker, konfiantza gehiago dut jende berria ezagutzean. (Maider) Nire kasuan, dantzatzeko lotsa kentzen lagundu dit. Beti gustatu zait, baina nire lehenengo aldia da jendaurrean dantzatzen. Ez da ez beldurra, ez errespetua, baina indar eta lotsagabekeria puntu bat irabazi dut. (Irati) Nik ere nire buruarengan konfiantza gehiago irabazi dut. Eta horrez gain, proiektuak behartzen gaitu beste herri batzuk ezagutzera, plan berriak egitera… Lagunekin une eta esperientzia berri asko eskaintzen dizkigu.