Bizkaia Txuri-Urdinen 10. urteurrena

Erabiltzailearen aurpegia Prest! aldizkaria

None
None
None

Bizkaia Txuri-Urdin ez da peña arrunt bat: zale zuri-gorriak nagusi diren lurraldean, maitasunez, konpromisoz eta partaidetzaz ehundutako familia txuri-urdina da. Urte luzez Deustun izan du egoitza, eta aurten bere 10. urteurrena ospatu du. Josu Fernandezek, elkarteko lehendakariak, Bizkaia Txuri-Urdinen sorreratik egindako ibilbidea kontatu digu.

Bizkaiko bihotzean, non Athleticeko zuri-gorria paisaietan, elkarrizketetan eta tabernetan nagusi den, erresistentzia txiki baina irmo bat dabil taupaka: Bizkaia Txuri-Urdin elkartea. Aurten hamar urte betetzen dituen talde hau ez da Real Sociedadeko jarraitzaileen ohiko peña bat. Askoz gehiago da: talde baten maitasunak lurralde arerio batean ere sustraiak har ditzakeela erakusten duen adibidea da, konpromisoaren, irmotasunaren eta, batez ere, sentimendu partekatuaren adierazgarri.

Bizkaia Txuri-Urdinen historia, beste askoren modura, errepidean hasi zen. Realak Bilbotik Anoetara antolatzen dituen autobus bidaietan entzun zen ideia lehenengo aldiz: zergatik ez sortu Bizkaian egoitza duen peña bat? “Autobusean ibiltzen zirenak konturatu ziren autobus bat hartzea baino askoz gehiago egin zezaketela elkarrekin ”, dio Josu Fernándezek, elkarteko lehendakariak.

Autobus bidaia haietan, barreen eta partiden inguruko eztabaiden artean, lagun talde txiki batek erabaki zuen pauso bat gehiago ematea: Bizkaian sakabanatuta zeuden errealzaleak elkartzeko gunea sortzea. Honela, sortze-prozesua 2015ean amaitu zen, sei kidek estatutuak idatzi eta elkartea ofizialki erregistratu zutenean.

Elkartearen izenak ere eztabaida sortu zuen hasieran: euskaraz ala gaztelaniaz jarri? Iritziak askotarikoak ziren baina, azkenean, lurraldearekiko eta Realarekiko lotura islatzen zuen izena hautatu zuten: Bizkaia Txuri-Urdin.

 

Autobusetik txokora

Ordutik hona, peñak 38 bazkide ditu 2025ean, eta urtero bazkide berriak gehitzen ari dira. Donostiar batzuk badaude, baina gehiengoa Bizkaiko hainbat txokotatik dator: Bilbo, Barakaldo, Leioa, Getxo, Gernika... Josuk segurtasun handiz dio, txuri-urdin sentimendua dela elkarteko kideak batzen dituena, eta hori dela zaindu behar dutena, nondik datozen axola gabe.

Hasierak xumeak izan ziren, baina ilusioz beterikoak. “Lehen bilerak Basauriko taberna batean egiten genituen, tabernaria ere Realzalea zelako eta lokala uzten zigun bertan bil gintezen,” gogoratzen du Josuk. Benetako topagunea, ordea, Deustuko Jon Arrospide kalean izan zuten zortzi urtez: bertan, lehen solairuan kokatutako txoko bat alokatu zuten, denbora luzez elkartearen bihotza izan zena.

Txoko hura ez zen futbol partida ikusteko leku hutsa; bizitzaz beteriko gune bat zen, familiarekin, lagunekin eta ezagunekin biltzeko gunea, hain zuzen. Bertan egiten ziren batzarrak, afariak, meriendak eta baita ezkondu aurreko agur-festak. Hala ere, pandemia iritsi zenean, txokoaren erabilera nabarmen jaitsi zen, eta luze eztabaidatu ondoren lokala ixtea erabaki zuten. “Ez zen erabaki erraza izan, elkartzeko lekurik gabe geratuko ginelako, baina guztiok ulertu genuen: ez zuen zentzurik erabiltzen ez zen zerbait mantentzeak”, dio Josuk. Alferrik galtzen ari ziren diru hura beste helburu batzuetan erabil  zezaketen, eta horretan hasi ziren.

 

Futbolaz harago

Bizkaia Txuri-Urdinen jarduna ez da asteburuko partidetara mugatzen. Urtean zehar hainbat ekintza antolatzen dituzte: urteroko bazkariak, batzarrak, partiden ikustaldi kolektiboak, estadioetara bidaiak eta une berezietarako ospakizunak, beste hainbaten artean. Badira "oso ibiltariak" diren bazkideak ere —hala deskribatzen ditu Josuk—, Europako lehiaketetan partida bakar bat ere galdu ez dutenak. “Ahal duten guztietan bidaiatzen dute, batez ere Championsen. Bidaia horiek futbola baino gehiago dira haientzat: esperientziak batera bizitzea eta herrialdeak ezagutzea ere bada”.

Pasaden apirilean ospatu zuten hamargarren urteurreneko bazkaria, orain arteko ekitaldirik hunkigarrienetako bat, Josuk esan duenez. 30 lagunetik gora elkartu ziren Donostiako Alde Zaharrean eta Realeko jokalari ohiekin batera bazkaldu zuten. Opariak, oroigarriak eta sinboloak izan ziren protagonista: kide bakoitzak bufanda bat jaso zuen, non uneko bazkide guztien izenak agertzen ziren, eta jokalariek edizio berezi bat jaso zuten, hemendik eta denbora batera salgai jarriko dutena. “Orain kamiseta berezi bat diseinatzen ari gara. Bizkarrean 10 zenbakia eta Bizkaia Txuri-Urdin jartzen du, eta maitasun handiarekin ari gara prestatzen”, gaineratu du Josuk.

 

Konpromisoaren adierazle

Bizkaian bizitzea eta Realaren zale izateak esfortzu handia eskatzen du. Partida egunetan, etxetik irten eta bueltatu arte, zortzi ordu inguru igaro daitezke, Josuk berak egindako kalkuluaren arabera. “Hori da benetako konpromisoa: ia 200 kilometroko bidaia egitea futbol partida bat ikusteko”, dio.

Bi autobus abiatzen dira Bilbotik Anoetara eta Sagrado Corazón, Amorebieta eta Durangon egiten dute geldialdia. Behin Anoetan, elkarteko kideek Zabaleta harmailan 15 eserleku dituzte batera, hiru ilaratan banatuta. Hamabost horiez gain, bazkide batzuek beste eserleku batzuk dituzte harmaila ezberdinetan, baina eserlekuren bat hutsik geratzekotan, taldearekin esertzen dira.

Realak kanpoan jokatzen duenean, elkarteko kideak batzuetan Bilboko tabernetan elkartzen dira. Geografikoki barreiatuta egoteak zaildu egiten du elkartzea eta horregatik, “askotan bakoitzak bere etxeko sofatik ikusten du partida, edo bestela, gehienez bi-hiru lagun elkartzen dira etxe batean”.

 

Antolaketa garbia

Gaur egun, peñak hiru kideko zuzendaritza batzordea du eta horren jarraian, lantalde txikiak daude antolatuta, peñako kide guztiek ardurak izan ditzaten. Batzuek sare sozialak kudeatzen dituzte, beste batzuek Gabonetako Loteria, urtebetetzeen jarraipena edo bazkide berrien harrera, kasu. Badute baita WhatsApp talde berezi bat ere: Positibismoa du izen eta Realari buruzko albisteak umorez eta era eraikitzailean komentatzeko sortua da. “Jarrera negatiboa dutenak taldetik kanpo egotea bilatzen dugu, baina batzuetan baten bat sartzen da”, dio Josuk umore handiz.

Talde nagusiaz gain, beste talde batzuk ere badituzte funtzio zehatzetarako: bidaien antolakuntza, urteroko bazkariak, astero egiten den “apustutxo” bat... Batzuetan jendeak talde okerrean idazten du eta zuzendaritzako kideek gogorarazi behar izaten diete zein den talde egokia. “Hala ere, horrelakoak gutxitan gertatzen dira,” dio Josuk. Horiek guztiak dira elkartearen antolakuntzarako tresna era, metodologiak sinplea iruditu dezakeen arren, eraginkortasuna bermatzeko balio du.

 

Etorkizunera begira

Bizkaia Txuri-Urdinen etorkizuna apurka-apurka haztea da. Ez daude kopuru handien bila, baizik eta komunitate kohesionatu eta zabalago bat lortzeko esperoan. “Bazkide gehiago nahi ditugu noski, baina garrantzitsuena da dagoeneko bazkide direnak gustura sentitzea,” dio Josuk.

Etorkizuneko proiektu garrantzitsuenetako bat da adin txikikoak kide egin ahal izatea, belaunaldi berriei futbolaz gozatzeko aukera emateko.

Josuk azaldu duenez, sarrerak jasotzeko klubari zaleen kopurua eta izen-abizenak helarazi behar dizkiete, eta ezinbesteko baldintza da horiek guztiak peñaren kide izatea. Horregatik, lehentasunetako bat bihurtu da kideen adingabeko seme-alabak kide egin ahal izatea: “Badakigu zer garrantzitsua den futbola txikitatik bizitzea eta, batez ere, familiarekin. Bide hori erraztu nahi diegu elkarteko gurasoei.”

Gazteak barne hartzeaz gain, urteko topaketa kopurua handitzea gustatuko litzaieke: bi edo hiru aldiz kide guztien bazkaria egitea, betiere ostean partida bat ikusteko aitzakiarekin. Horren bidez, elkarrekiko harremanak sendotu eta COVID-19aren aurreko talde-dinamika polit hura berreskuratu nahi dute.

Azkenik, Josuk txoko zaharra ekarri du gogora, urte luzez peñaren arima izan zena: “Ez zen dirua lortzeko lekua, baizik eta elkartzeko espazioa, eta oso polita litzateke berriz ere halakorik izatea.” Etorkizun hurbilean ez bada ere, berriro irekitzea amets gisa mantentzen dute oraindik.