Bilbao Basketen gailentzea: FIBA Europe Cupeko txapeldun

Erabiltzailearen aurpegia Prest! aldizkaria

Urtea gogoangarria izango da Surne Bilbao Basketen historian, baita Bilbo beraren historian ere. Klubak bere 25. urteurrena ospatzen duen honetan, lorpen paregabe batek biribiltzen du sorreratik egindako ibilbidea: FIBA Europe Cup txapelketako garaipena. “Beltzezko gizonek” Europako titulua eskuratu dute lehen aldiz eta hainbatek uste badute ere Europako titulua lortzen lehen klub bizkaitarra direla, Isabel Iturbek, Bilbao Basketeko lehendakari deustuarrak ustea gezurtatu du: “Europako titulua lortzen lehen talde bilbotarra Bidaideak Bilbao BSR izan zen, gurpil-aulkiko saskibaloi taldea”. 2019an eskuratu zuten garaipena eta bere ustez “garrantzitsua da hori azpimarratzea, lankideei ere ikusgarritasuna emateko". Zehaztapen txiki horren ostean, aipatu du oso pozik daudela lortu berritako garaipenarekin.

Nolanahi ere, Bilbao Basketek txapelketan izan duen bidea eredugarria izan da hasieratik bertatik. Aurre-kanporaketan Klaipedasko Neptunas lituaniarraren aurka bi partidak irabazita, multzo-fasean sailkatu zen talde bizkaitarra. Lehen fase horretan, BC Balkan (Bulgaria), BC Kutaisi (Georgia) eta BC Prievidza (Eslovakia) izan zituen aurkari; sei neurketetan sei garaipen pilatuta, multzo-buru izan zen.

Bigarren fasean, aurkaria gogorragoa izan arren, Bilbok maila bikaina erakutsi zuen. Dinamo Sassari (Italia), Cholet Basket eta Le Portel (biak Frantziakoak) izan zituen aurrean. Seietatik bost partida irabazita, bigarren sailkatu eta final-laurdenetara pasa zen.

Kanporaketa fasetik aurrera, emozioak eta tentsioa izan ziren nagusi. Final-laurdenetan, azken uneko jaurtiketa batek eman zien garaipena Tofas Bursa turkiarraren aurka. Frantzian JDA Dijon taldearen aurkako partiduan 19 puntugatik galdu zuen Bilbao Basketek; izan ere, itzulian 29 puntuko aldearekin irabazi ostean, kanporaketa irauli eta finalera sailkatu ziren. Iturbek zaleen ezinbesteko papera azpimarratu du partidua gogora ekartzean: “Ikusleen bultzada nabari zen, batez ere, bi gora, bi behera gindoazen uneetan”. Garaipena zaila denean, miribilla efektua irabazteko funtsezkoa dela dio, eta partidu hartan, besteetan bezala, “sekulako babesa” izan zuten.

Finalean, PAOK Salonika greziarra izan zuten aurkari. Joaneko neurketan Bilbon 7 puntuko aldearekin nagusitu ziren. Itzulikoan, Grezian, norgehiagoka amaitzeko hiru minutu falta zirela 10 puntugatik galtzen ari ziren. Hala ere, azken ahaleginei esker, bi puntugatik soilik galdu zuten partida eta, alde osoari esker, garaipena lortu zuten.

Gertaera historikoa ospatzeko xedez, pasaden apirilaren 25ean milaka lagun batu ziren Bilboko udaletxe parean. Taldeko kideak “benetan zur eta lur” geratu ziren harrerara hurbildu zen jende kopuruarekin eta Iturbek une oro oilo-larrua izana gogoratzen du: “Oso egun berezia izan zen guretzat, benetan gogoratzekoa”.

Ospakizunaren eguna atzean utzita, aurtengo jardunaldiarekin oso pozik agertu dira Surne Bilbao Basketeko lagunak. FIBE Europe Cupen izandako ibilbidea zein emaitza apartak izan dira eta ligan bertan sailkapenetan gorago egotea gustatuko litzaiekeen arren, denboraldi honetan guztira 54 partida jokatu ostean, oso sentsazio ona dute. Iturbek dioenez, “atseden hartzeko eta datorren denboraldian berriro lan egiteko gogotsu daude”.