Clara Garcia: “Auzoko azpiegitura oso berria eta zaindua iruditzen zait”

Erabiltzailearen aurpegia Prest! aldizkaria 2025ko abu. 12a, 12:32

Clara García Aracenatik (Huelva) datorren Sarrikoko ikaslea da. Pintura masterra ikastera etorri da eta bere bizipenak partekatu dizkigu.

Zerk ekarri zintuen Sarrikora?

Pintura masterra ikastera etorri nintzen, oso ospe ona izateaz gain bakarra delako Espainia mailan. Etorri baino lehen jada banuen lagun bat hemen bizi zena eta bere etxean elkarrekin bizitzeko proposatu zidan.

Zein izan zen zure lehen inpresioa iristean?

Hona iristean pentsatu nuen lehen gauza izan zen oso desberdina zela ikustera ohituta nengoenarekiko. Egia da mendi inguruan bizi naizela, eta horrek ez ninduela asko harritzen, baina, oro har, dena oso ondo zainduta zegoela nabaritu nuen. Auzoko azpiegitura oso berria eta zaindua iruditzen zait.

Hona etorri aurretik, ezagutzen al zenuen euskal eremua eta kultura?

Egia esan, ez. Apur bat ezagutzen nuen, baina ez nekien asko inguruaren edo kulturaren inguruan. Etorri aurretiazko erreferentziak hemengo lagunak emandakoak ziren. Erasmusean egon nintzenean jendea euskalduna ezagutu nuen, eta denek esaten zidaten Bilbo Granada bezalakoa zela, baina iparraldean. Hala ere, ez nuen imajinatzen nolakoa zen hemen bizitzea.

Aracena eta Sarrikoren artean sumatu dituzun antzekotasunak eta desberdintasunak?

Bi bizilekuetan ikasle asko dago, baina, aldi berean, oso eremu familiarrak dira: fruta-dendak eta gainontzeko tokiko merkataritza lokalak oso gertukoak dira, eta hori gustokoa dut. Desberdintasunei dagokienez, aipatu dudan bezala, azpiegituraren gaiak harritu nau gehien hasieratik. Horrez gain, ez nuke beste ezer nabarmenduko.

Zer harreman duzu euskararekin?

Ba ez dakit asko, egia esan. Hitz oinarrizkoenak dakizkit: kaixo, eskerrik asko, etab., baina ez dut harreman handirik. Jakingo banu hemen 10 urtez biziko naizela, agian euskara klaseak hartuko nituzke. Hala ere, hizkuntzak hemen egoteko bakarrik balio didanez, ez dut planteatu.

Zure jaioterriaren falta sumatzen duzu?

Oso gustura nago hemen, baina batez ere nire jendea dut faltan: familia, bikotekidea, arreba... Asko gogoratzen naiz haiekin. Haiek hemen egotea gustatuko litzaidake.

Askotan itzultzen zara etxera? Zenbatean behin?

Nire herrira Gabonetan eta Aste Santuan itzultzen naiz, eta hiruhileko bakoitzean behin. Nire bikotekidea Granadan bizi denez, urtean zehar 3 hilabetez joan naiz bisitan. Orain udan etxera itzuliko naiz eta hilabete eta erdi egongo naiz gutxi gorabehera.

Noiz arte biziko zara hemen eta zer asmo duzu?

Oraingoz hemen geratuko naiz epe-mugarik gabe, Bilbo gustatzen zaidalako eta arte arloan lana dagoelako. Kanpoan lan eskaintzaren bat izango banu ikusiko nuke, baina oraingoz nire asmoa hemen geratzea da. Margogintza estudio bat daukat lagunekin eta ez daukat joateko presarik. Sarrikon geratuko naiz orain arteko pisu berean.

Oro har, nola baloratzen duzu zure hemengo egonaldia?

Oso modu positiboan. Oso pozik nago hemen eta hiriko giroa gustuko dut. Maila pertsonalean eskaintza artistiko handia dago eta hazteko behar dudan guztia daukat, justu bilatzen nuen. Gainera, oso gustura nago ezagutu dudan jendearekin, eta badaukat babes zirkulua.