Athletic

Helburua, geroz eta gertuago

Erabiltzailearen aurpegia Beñat Zarrabeitia 2014ko api. 8a, 12:00

Badira bai ala bai irabazi beharreko partidak eta Ciutat de Valencian jokatutakoa horietako bat zen. Sevillaren arnasa lepotik gertu somatu nahi ez bazuen, Athleticek jada salbatuta dagoen talde baten aurka hiru puntuak derrigor eskuratu behar zituen. Baita lortu ere, eskutan zeukan norgehiagokan ordua eskatzen amaitu badu ere, Adurizen bi golek laugarren postuan sendo mantentzea ahalbidetzen dute.

 

 

 

Halakoetan, Caparrosen hitzak aintzat hartuz, jokoak ez du axola eta sailkapena ei da garrantzitsuena. Zuri-gorriek, bide horretan, txanponaren bi aldeak erakutsi zituzten. Lehen zatian, nagusitasun osoz aritu ziren, presio itogarri batekin eta erosotasun sentsazioa azalduz. Aritz Adurizek egindako bi golek lehia bideratuta utzi zuten eta erabat erabakita egongo litzateke San Josek aldeko penaltia huts egin ez balu. Denboraldi honetako laugarren akatsa hamaika metroetatik, eskizofrenikoa. Lan saioetan praktikatzen duten arren, ez da onargarria Europako 32 onenen artean egon nahi duen eta ziurrenik egongo den talde batek horrelako gabezia izatea. Zortea ere ez dute lagun, antsietatea ere azaltzen ari da.

Xabi Etxeitaren lehen minutuak berritasun nagusi gisara, Athleticek aise menderatu zuen Levante lehen zatian. Muniainen mugikortasunak eta Herreraren konbinazioek espazioa zein jokoa azaleratzen zuten, erdian Rico eta Iturraspek partida kontrolpean zuten. Juafranek Txantreakoa area barruan lurrera bota eta penaltiarekin panorama argitzera zihoala zirudienean, San Josek Keylor Navas engainatu arren baloia kanpora bidali zuen. Huts berri honek eta handik gutxira Adurizek lehen gola erdietsi zuen. Zortea lagun izan zuen donostiarrak, minutu batzuk lehenago atarrabiarrak izan ez zuena.

Lehiaren nondik norakoak Mikel Ricoren lesioarekin aldatu ziren, Arrigorriagako erdilariak Victor Casadesusen sarrera gogorra pairatu zuen eta zelaia utzi behar zuen. Min hartuta, orain klubak zer nolako kaltea pairatu duen argitu behar du, baina ez du itxura onik. Baja garrantzitsua da Ricorena, ikusi behar nork ordezkatzen duen. Valverdek, Erik Moran hautatu zuen, baina portugaleteko gaztea oraindik oso berde dagoela erakutsi zuen beste behin ere. Egoera are zailagoa du Beñat Etxebarriak, bizkarra ukituta izateaz gain, ez da Valverderen eskakizunetara moldatu eta bere rola ere ulertzeko zailtasunak izaten ari da.

Hala ere, atsedenaldira iritsi aurretik, Herreraren erdiraketa bikaina probestuz, Aritz Adurizek taldearen bigarrena egin eta partida erabat bideratuta utzi zuen. Aldageletatik bueltan, Caparrosek bi aldaketa egiteaz gain, Levante grinatsuago zelairatu zen. Joko maila alturik eskaini gabe, presioan hobeto aritu zen eta Athleticek fisikoki gainbehera izan zuen. Honek, defentsa izandako irmotasun faltari lotuta, San Josek asko sufritu zuen, zuri-gorriak gero eta atzerago sartu zituen. Nabarmentzekoa Xabi Etxeitaren jarduna. Zortzi hilabetetan entrenamendu bakarrean huts egin du, minuturik jokatu gabe zegoen eta sarritan deialditik at geratu da, jokatu behar izan duenean, oso maila ona eman du. Profesionaltasuna.

Eta horiek horrela, aparteko ezer egin gabe, Levantek gola sartu zuen. Zorigaiztoko jokaldi batetan, erdiraketa batek San Joseren izterrean jo eta Gorka Iraizoz gainditu zuen. 20 minuturen faltan, partida luze egin zitekeen Athleticentzat, nekea igartzen zuen taldeak eta edozein akats oso garesti ordaindu zitekeen. Valverdek, orduan bai, Beñat zelairatu zuen. Baloiaren jabetza izan nahi horretan, Adurizek bitan izan zuen hirugarrena, baita De Marcosek ere. Levantek baloi luzeekin zuri-gorriak area barruan sartu nahi zituen, Baba eta Barralen indarra baliatuz. Ez zuen lortu.

Garaipenarekin Athleticek errentari eutsi egiten dio. Sei partida eskas geratzen direnean, 18 puntu orotara, bilbotarrek sei puntutako aldea dute Sevillarekiko, bederatzi Realari eta hamar Vila-Reali. Helburua gero eta gertuago dute lehoiek, laugarren postua eskura. Hurrengo astelehean, 22:00tan San Mamesen, Athleticek Malaga hartuko du. Taldeak zalegoaren laguntza beharko du "last six" berezi honetan, guztion bultzadak balentria lortzea ahalbidetuko baitu.

#TxapeldunenLigara

 

Argazkia: Athletic Club eta LFP