Asteburuan zehar, Athleticek bisita berezia jaso du. Lagun zahar bat bere etxera izandakora itzuli da, Howard Kendall berriro ere gure artean baita. Prestatzaile ingelesak talde bizkaitarra 1987ko uztaila eta 1989ko azaroa bitartean zuzendu zuen. Oroitzapen ederrak eta harreman pertsonal ugari utzi zituen bertan, Lezaman bizitzen emandako garaietan. Kendallek malko artean esan zion agur klubari, aurretik bere esaldi bat ospetsu bilakatu zen zaleen artean: “UEFA posible”.
Aurten, ordea, Europa League baino, Txapeldunen Liga da posible. Malagaren aurka aritu aurretik, Ernesto Valverdek partida irabaztea ezinbestekotzat jo zuen, funtsezko garaipena baitzen amaieran laugarren sailkatu ahal izateko. Esan eta egin. Erik Moran, min hartuta dagoen Mikel Ricoren lekuan, berrikuntza nagusitzat zuen hamaikakoak grinatsu ekin zion lehiari. Hasi eta berehala, Aritz Adurizek Athletic aurreratu zuen korner baten ondorioz.
Ategorrietako aurrelariak arazo fisikoak zirela-eta dezente sufritu zuen lehen itzulian eta golak sartzeko ere galtzak bete lan izan zituen txapelketaren hastapenetan. Baina, unerik erabakiorrenean azaldu da, taldea hauspotu eta helburuari hurbiltzeko urrezko laguntza eskaintzen ari da. Dagoeneko 15 dira Adurizek sartutako golak eta Liga sasoi bikainean amaitzen ari da.
Markagailuan abantaila hartu ondoren, gehiago nahi zuen Athleticek. Presio itogarriaren bidez baloia behin eta berriro errekuperatzen zuten erdiko gizonek, Malagak atzean sartu eta jokoa mozteko beharrean ikusten zuen bere burua. Aduriz, berriro ere, bigarrena egiteko zorian egon zen, baina baloia gehiegi gurutzatu zuen. Apenas estualdirik pairatu gabe zuri-gorriek aldageletarako bidea hartu zuen. Bueltan, lehen zatian bezala, gogor jo zuten. Moranek erdian lapurtutako baloia, Herrerak eta Susaetak ukitu ondoren, Adurizengana iritsi zen eta oraingoan donostiarrak ez zuen barkatu.
Partida bideratu ondoren, Malagak lerroak luzatu eta aukeraren bat izan zuen, baina berehala iritsi zen Athleticen erantzuna. Laportek eta San Josek bidalitako bi baloi sakonen ondoren, Aduriz hirugarrena egitekotan egon zen baina Willy Caballerok erantzun paregabea eskaini zuen. Aldiz, Herrerak areaz kanpotik egindako jaurtiketa batetan, atezain argentinarra ez zen batere fin ibili eta lehoiek partida itxi egin zuten.
Azken minutuetan, Valverdek aldaketa ezberdinak egin zituen eta Beñat, Etxeita eta Albizua zelairatu zituen. Igorreztarrak baloi ederra eman zion Muniani baina txantreakoa eremu barruan bota bazuten ere, arbitroak ez zuen ezertxo ere adierazi. Txalo eta animo artean amaitu zen partida, jokalariak zein zaleak jabe dira hiru puntuen balioaz.
Izan ere, azken txanpa falta den honetan, ukaezina da Athletic aurten burutzen ari den denboraldia bikaina dela. Orain, borobiltzea besterik ez da falta, guztion bultzada ezinbestekoa izango da. Gertu dago, posible da, egi bihur dezagun.
#TxapeldunenLigara
Argazkiak: www.athletic-club.net