Esan eta egin, astean zehar Lezaman egindako agerraldietan Athleticeko jokalariek “final” hitza izan dute hizpide Unai Emeryk gidatzen duen Sevillaren kontrako partidari buruz berba egiterakoan. Konbentzimendu osoz ekin diote norgehiagokari, aurretik zaletuen berotasuna eta babesa hoteletik irten bezain pronto somatu dute. Andaluziarrek, aldiz, ostegunean Valentziaren aurka jokatutako lehiaren ajea igarri eta horren eredu Ivan Rakitic-ek partida aulkian hasi izana.
Zaleen bultzadarekin, Athleticek azkar lortu du abantaila. Korner jaurtiketa zuzen baten bitartez, Markel Susaetak markagailua zabaldu du. Eibartarrak ez du berebiziko zorterik izan bigarren itzulian zehar, baina uneoro langile eta grinatsu azaldu da. Gaur, horrekin batera, gola egitearen saria jaso du. Aurretik ipintzeak lasaitasuna eman dio taldeari eta Iturraspek jokoa bere bizkargain hartu du. Matienarraren segurtasuna oinarri hartuta, Herreraren mugikortasunarekin eta hegaletatik egindako jokaldien bitartez iritsi dira aukerarik onenak. Gehienak Aritz Adurizek izan ditu, baina Ategorrietako aurrelariak ezin izan du asmatu.
Sevillak zailtasun nabarmenak izan ditu zuri-gorrien nagusitasunari aurre egin ahal izateko eta behin baino gehiagotan jokoa gelditzeko beharrean egon da. Bizkarrean min hartuta dagoen Iker Muniain –azken partidetan parte hartu ahal izateko infiltrazio medikoa jaso behar izan du- izan da faltarik gogorrenak pairatu dituen jokalaria. Erasoko jokoan, Bacca eta Gameiroren moduko aurrelari bizkorrak zelairatu aurren, Rakitic-en hutsunea agerikoa izan da andaluziarren jokoan. Azken pasean asmatzeko arazoak izan dituzte eta areara gerturatu direnean, bai Gorka Iraizoz, bai atzelariak oso adi egon dira.
Atsedenaltik bueltan, Athleticek jabetza eta kontrolari eutsi dio, espekulatzeko inolako keinurik egin gabe. Horiek horrela, pase ugariren ondoren heldu da bigarren gola. Baloia alde batetik bestera mugitu ostean, Iturraspek baloia eskuin hegalera zabaldu eta bertatik Andoni Iraolak erdiraketa bikaina egin du, bigarren zutoinean Muniainek oinaren kanpokaldearekin gola egin du. Txantrearrak Ligan egin duen seigarrena.
Partida erabakitzetik gertu zeuden zuri-gorriak eta Emeryk Rakitic zelairatu zuen, baina kroaziarrak aukera gehiago eskaini arren, andaluziarrak berehala hamar jokalarirekin geratu dira. Diogok protesta egin eta bigarren txartela ikusi baitu. Dena alde zuen Athleticek eta Ander Herrerak hiru puntuak ziurtatu zituen buruz egindako erremate baten bitartez.
Azken minutuetan Sevillak gora egin zuen eta Kevin Gameirok aldea murriztu zuen. Hamar minutu luze geratzen ziren baina San Mameseko zaleen bultzada, baloiaren kontrola eta Valverdek egindako aldaketekin Athleticek arazorik gabe eutsi zion garaipenari.
Areriorik zuzenenarekiko sei puntutako abantaila berreskuratu dute zuri-gorriek eta hiru partidaren faltan, garaipen bakarrak Txapeldunen Ligarako txartela ziurtatuko luke. Tontorra bertan dago eta ikurra jartzeko lehen aukera datorren ostiralean izango da Vallecasen. Gaur txartel horia jaso ondoren, Iker Muniainek ezin izango du jokatu.
Argazkiak: Athletic Club