Zurigorriek nota onarekin bete zuten euren lana eta abantailarekin bueltatuko dira San Mamesera. Lanik zailena falta da, baina bidearen erdia emaitza oso onarekin igaro du Athleticek, orain zaletuekin batera Txapeldunen Ligako multzoko faserako definitiboki erdietsi behar du.
Rafa Benitezek intentsitate handiko hasiera planteatu zuen, bilbotarren urduritasuna baliatu eta abantaila hartzeko. Eta partidaren lehen minutuek gidoi horrekin idatzi ziren, hiru aukera garbi errenkadan sortuz. Zorionez ez zuten asmatu eta Athleticek partidaren kontrola bereganatu zuen. Adurizen aukera batek italiarren lerroak atzeratu zituen eta ondoren Laportek gola gertu izan zuen korner baten ondoren.
Apurka, zurigorriak nagusitzen joan ziren, baloia erraz mugitu gabe, baina Napoliren aurrelariak kontrolpean izaten. Atsedenaldia iristeko bost minutu falta zirenean, De Marcosek jokaldi indartsu bati amaiera bikaina eman zion Iker Muniainek. Txantrearrak, bere taldekideek eta zaletu guztiek oihu egin zuten. Lehoien orroa, bere lurraldea Txapeldunen Ligan dagoela erakutsi nahian.
Bigarren zatian partida eta kanporaketa erabakitzetik gertu egon ziren Valverderen jokalariak, baina Benitezek aulkia mugitu ondoren partidaren itxura erabat aldatu zen. Mertens belgikarrak sakontasun eta mugikortasun handiagoa eskaini zion Napoliri eta hor hasi ziren zurigorrien arazoak. Partida lehoien defensa eremurantza inklinatzen hasi zen eta Gonzalo Higuainek banakoa jarri zuen jokaldi eta jaurtiketa on baten ondoren. Azkeneko hogei minutuetan Athleticek asko sufritu zuen emaitzari eusteko baina Gorka Iraizozen gelditu bikainek markagailuari eusteko balio izan zuten.
Astebete falta da bueltako partidarako, San Mamesen argiztatze frogak egin dira jada eta klubaren inguru sozial osoa konbentzituta dago: Zaila izango da, baina aurrera egin behar. Hitzordu berezia du Athleticek datorren asteazkenean, aurretik Malagan eskala egin behar duen arren, eta guztion artean lortu daitekeela sinesten du. Lehoiak, Europako txapelketarik nagusienean ozen eta harro orro egin gura du, bere bidea indartuko duen helburua erdietsiz.
Argazkiak: Athletic Club