Nola azaldu ulergaitza dena?

Erabiltzailearen aurpegia Beñat Zarrabeitia 2014ko abu. 23a, 22:39

Athletic Club eta LFP

Athleticek ez du partida onik egin Malagan eta defentsan egindako akatsak garesti ordaindu ditu baita jokoa sortzerako unean izan dituen zailtasunak eta argitasun eza.

 Hala ere, analisia egiterako orduan Mateu Lahozen izena txertatzea ezinbestekoa da. Azken minutuetan Gorka Iraizozen legezko gola baliogabe uzteaz gain, Kamenik Aritz Adurizi egindako penalti argia ez ei du ikusi. Sinestezina, ageriko jokaldiak izan direlako eta partidaren emaitza erabat baldintzatu dutelako. Epaile honek 16 aldiz zuzendu ditu bizkaitarren partidak eta horietako 12 galdu dituzte lehoiek. Gaurkoa denbora luzean zehar oroitzapen kolektiboan gordeko dute zaleek, bereziki atezainen gola zapuztu duelako.

 

Zurigorriek porrot batekin ekin diote Ligari. Partida trabatua izan da hasieran, espazio askorik gabekoa. Malagak, Napoliren antzera, Ander Iturraspe neutralizatzea zuen helburu eta baita lortu ere. Barrutik, Ricok eta Beñatek ere ez dute euren egunik onena izan, beste behin ere soluziorik egokienak Iker Muniainek eskaini ditu. Gogotsu eta maila oso altuarekin abiatu du ikasturtea txantreako jokalariak.

Motel hasi zen arren, lehen aukeren ailegaerarekin kolpeen elkartrukatzea hasi da. Aritz Adurizek Athletic aurreratzeko abagune paregabea izan du baina Kamenik –Ochoa mexikarrari aurre hartu dio Javi Graciaren eskeman- ederki erantzun zuen. Berehala, Malagak zurigorriek defentsako lanaren egokitzapenetan izandako arreta falta baliatuz gola egiteko zorian egon dira. Minutu gutxiren ondoren ailegatu da kolpea, berriro ere Athleticek egindako beste akats baten ondorioz. Gurpegik gaizki aldendutako baloiak Gorka Iraizozek Roque Santa Cruz area barruan lurrera botatzea eragin zuen, penalti argia. Liverpoolek utzitako Luis Albertoren jaurtiketa Antsoaingo atezainak aldendu zuen arren, baloia ostera ere aurrelariaren oinetara heldu eta gol erraza egin du. Markagailuan aurreratu ondoren, Malagak askoz ere erosoago aritu da eta zurigorriek atsedenaldiaren beharra izan du.

Aldageletatik bueltan, Valverdek Ibai Gomez zelairatu eta Muniainek Beñatek erdigunean betetzen zuen lekua hartu du. Bilbotarren jokoa hobetu eta gehiagotan iritsi dira Kameniren eremu ingurura. Horietako batetan, Wellingtonek nabarmen jipoitu du Aduriz area barruan, baina Mateuk ez du ezer ikusi, ezta ere Camachok egindako falten segidaren pilaketarekin. Guillermoren aukera ere baliatu du prestatzaile zurigorriak, azken minutuetan baloi luze gehiago jokatzeko asmoarekin.

Eta hor hasi da dantza. Epaileak futbol partida baten izan behar duen papera argia da, protagonismotik aldenduta. Antza, Mateu Lahozek ez du hori ulertzen. Malagaren gogortasuna baimentzeaz gain, jokoaren interpretazio oso berezia baitu. Athleticek ezintasun zantzu nabariak erakusten zituen arren, bihotzarekin eta erlojuaren orratzek eragindako beharra medio, aurrera egitera behartuta egon da. Dudak falta gogorra egin ondoren, Muniainen aurka jaurti du baloia, txantrearra haserretu eta kargu hartu ondoren, portugaldarrak lepotik hartu eta lurrera bultzatu du jokalari zurigorria. Gutxi balitz, Aymeric Laporte ere buruarekin kolpatu du. Malaga hamar jokalarirekin geratu da eta luzapen nahikotxo izango zela argi zegoen.

Bat gutxiagorekin, Malagaren intentsitatea are gehiago igo da, baita oldarkortasuna ere. Athleticek horrelako partidetan zailtasunak ditu, ez dago ohituta eta normalean galtzaile ateratzen da, bai emaitzan baita sentsazioetan ere. Gaurkoan ere horrela suertatu da. Andaluziarrek beste jokalari bat galdu dute Antunesek Guillermoren kontra atzetik egindako sarrera gogorraren ostean. Sei minututako luzapena, zurigorrien azken saiakerak. Ustezko konpentsazioaren lege okerra nagusitu da partidaren amaieran.

Joko onik gabe, baina nortasunari helduz aurkariaren arean bukatu du partida Athleticek. Bederen puntu bat eskuratzeko merituak eginez gainera, baina Mateu Lahozen lan eskasak eragotzi du. Aurrena, Gorka Iraizozek buruz sartutako gol ederra baliogabe utziz. Atezaina falta bat errematatzera igo da, baita lortu ere. Golaren legez kanporatzea: Sinesgaitza, ulergaitza eta mingarria. Amorru biziz, azken jokaldiari ekin diote bilbotarrek. Eta Mateuk gatz gehiago bota dio Athleticen zauriari. Izan ere, ez berak ezta bere laguntzaileek Kamenik Adurizi egindako penalti argia adierazi ez dutenean. Are gehiago, donostiarraren falta pitatu baitu kamerundarrak nabarmen heldu duen arren. Bukaeran, Liga hasteko modu ernegarriaren baieztapena.

Dena den, txipa aldatzeko momentua da. Hegazkina hartu, etxera itzuli eta Malagan gertatutakoa lehenbailen ahaztu behar du talde zurigorriak. Asteazkenean Txapeldunen Ligan sartzeko aukera paregabea dute lehoiek. Erabat Beteta egongo den San Mamesen, bazkide berriekin eta astelehenetik aurrera salduko diren sarrerekin, Athleticek multzokako faserako pasaportea eskuratu nahi du. Ilusioz gainezka, gaurko amorrua dutxa azpian utzita, erronka dirdiratsua du aurretik. Mereziko du eta guztion babesa beharko du Napoli gainditzeko. Posible da. Ezina ekinez egina.

 

Argazkiak: Athletic Club eta LFP